Fiskalitate moderatu eta arduratsua 2027rako ordenantza fiskalen proposamenean
Eguneratze orekatua aurkeztu du udal gobernuak, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko datorren urtean zehar
2026/05/19 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak 2027rako Udal Ordenantza Fiskalei buruzko proposamena onartu du gaur goizean. Proposamen honek fiskalitate moderatuaren konpromisoari eusten dio, zerbitzu publikoen kalitatearen eta finantza-erantzukizunaren arteko oreka bilatuz.
Zergak
Proposamenak % 2,3ko igoera orokor moderatua aurreikusten du udal-zerga gehienetan,
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ),
- Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga (JEZ) - 3. kategoriatik 6.era bitarteko kaleen kokapen-indizeetan
- Gainbalioaren gaineko zerga
- eta Ibilgailuen gaineko zergan
Era berean, beste neurri batzuk sartzen dira, hala nola Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergan (EIOZ) interes bereziko edo onura publikoko obretarako hobaria ematea, batez ere irabazi-asmorik gabeko erakundeek lurzoru publikoan sustatutako jarduketetarako.
Tasak
Tasen eremuan, eguneratze-ildo homogeneoari eutsi zaio, tasa gehienetan (TAO, garabia, saneamendua, etab.) % 2,3ko hazkunde orokorrarekin eta hondakinen tasan % 2,29ko igoerarekin. Bestalde, uraren tasak ez du inolako igoerarik izango ekitaldi honetan.
Gainera, aldaketa garrantzitsu batzuk sartu dira. Alde batetik, bi tasa kendu dira, ez baitira borondatez eskatutako zerbitzuak:
- Udaltzaingoaren istripu-txostenak
- eta drogen nahitaezko probak.
Horretaz gain:
- kontribuzio berezietan doikuntza teknikoak egingo dira kuoten eta subjektu pasiboen zehaztapena hobetzeko,
- eta jabari publikoaren okupazio-tasan irizpideak argituko dira.
Herritarrengan duen eragina
2027rako ordenantza fiskalak eguneratzeak eragin mugatua izango du Donostiako etxeetan. Izan ere, batezbesteko familia batentzat (bi heldu eta bi seme-alaba), udal zerga eta tasa nagusien multzoak hazkunde moderatua izango du.
Oro har, urteko batez besteko ordainagiria 2026an 1.119,59 eurokoa izatetik 2027an 1.142,46 eurokoa izatera igaroko da, hau da, urtean 22,87 euro gehiago (% 2,04 inguru).
Igoera hori modu orekatuan banatzen da kontzeptuen artean:
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) 8,86 euro inguru handituko da urtean.
- Hondakinen bilketa-tasa 7,24 euro inguru igoko da urtean.
- Saneamendu-tasak 3,93 euro inguruko igoera izango du urtean.
- Ibilgailuen gaineko zerga 2,83 euro inguru igoko da urtean.
- Bestalde, ur-tasa aldaketarik gabe mantenduko da.
Oro har, eguneratze neurritsua eta onargarria islatzen dute datu horiek, eta, horren ondorioz, etxe bakoitzeko hilean 2 euro baino gutxiagoko batez besteko hazkundea gertatzen da, udalaren finantza-iraunkortasunaren eta familien ekonomiaren babesaren arteko orekari eutsiz.