Eskusaitzetan MUBIL mugikortasun poloa handitzeko obra lizentzia eman du Udalak
Jon Insausti alkateak "hiriaren garapen ekonomiko eta enpresariala bultzatzen duten" proiektuen garrantzia azpimarratu du
2026/05/26 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiari obra handiko lizentzia ematea onartu du, Eskusaitzetan MUBIL mugikortasun jasangarriko gunean bulegoen eraikin berri bat egiteko.
Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, "Donostia berrikuntzaren arloan Europako erreferente bihurtzeko apustu garrantzitsua egiten ari da, ekosistema erakargarri bat sortuz, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, enpresa berritzaileenek egoitza gure hirian jarri nahi izan dezaten".
Eraikin berriak:
- sotoa, beheko solairua eta goiko bi solairu izango dituen eraikin trapezoidala izango da,
- eta bulegoak/laborategiak hartuko ditu, mugikortasun elektrikorako ekimen berriak sortzeko.
MUBIL Fundazioak kudeatuko du eraikin hori, eta haren egoitza nagusia ondoko lursailean dago. Eraikin malgua eta modulagarria izango da, eskatzen diren beharrei erantzun ahal izateko, behar dituzten bulegoen eta laborategiko ekipamenduen erabilera bereizgarriaren barruan.
Insaustik gaineratu duenez, mugikortasun jasangarri eta adimendunaren poloa zabaltzeak "beste bultzada garrantzitsu bat ekarriko dio gure tokiko ekonomiari, eta horrek, aldi berean, oparotasun eta gaitasun handiagoa ekarriko du donostiarren bizi-kalitatea hobetuko duten baliabideak banatzeko".
Txomin Eneako anbulatorioa
Gobernu Batzarrak onartu du, halaber, Txomin Eneako g.00.3 Ekipamendu Sanitarioko Lurzatiaren titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoari (osasun arloan eskumena duen administrazioa) lagatzea, zuzenean eta doan, osasun-zentro bat eraikitzeko.
Lanak abian dira, eta izapide horrekin behin betiko formalizatuko da lursailaren titulartasuna. Alkateak azpimarratu duenez, azpiegitura hori "hobekuntza handia izango da Loiolako eta Martuteneko bizilagunentzat, osasuna bezalako eremu garrantzitsu batean".