22 plaza eta parketan antolatuko da Parketarrak

Haurrak eta familiak euskaraz jolasean aritzeko urriaren 5etik 26ra

2026/10/02 argitaratua

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek hizkuntzaren erabilera indartu nahi dute aisialdiaren eremuan, eta, hain zuzen esparru hori lantzeko, elkarlanean sortu zuten Parketarrak egitasmoa, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritzeko.  

Urrian, otsail-martxoan eta maiatzean, astelehenetik ostiralera antolatzen da Parketarrak (doan), eta ikasturteko lehenengo txanda hau urriaren 5ean hasiko da, 26 arte (urriaren 12an ez da saiorik izango). Dinamizatzaile batzuek jolas saioak gidatuko dituzte hiriko auzoetan, eta parte-hartzaile guztiak elkarrekin jolasean ibiliko dira, bi taldetan bereizita: Zabu Zibu, 3-5 urte arteko haurrentzat eta haien arduradunentzat; eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko umeentzat. 

Ondorengo 17 auzotan elkartuko dira: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiolako Erribera, Herrera, Txomiñenea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondo.

Joan den maiatzean 848 haurrek parte hartu zuten

Parketarrak ekimena harrera ona izateaz gain, eraginkorra eta dibertigarria da. Joan den ikasturtean txanda bakoitzean 66 saio antolatu ziren, eta, urruti jo gabe, maiatzeko txandako eguraldiak lagundu ez zuen arren, 848 haur ibili ziren parke eta plazetan jolasean, eta gurasoek ere parte hartu zuten Zabu Zibuko txikiekin.

Ekinaldia bukatzearekin batera, jarduerari buruzko iritzia eskatu zitzaien haurrei nahiz helduei, eta, besteak beste, euskaraz sozializatzearen eta jolastearen onura azpimarratu zuten. Halaber, oso ongi baloratu zituzten umeek nahiz gurasoek parkeotan ikasten dituzten jolasak, egokiak baitira beste edozein unetan edo tokitan erabiltzeko. Hala, ikasturte honetan ere, 17 auzok ateak zabalduko dizkiete Parketarrak egitasmoko parte-hartzaileei, eta gonbidatuta daude 3-9 urte arteko haurrak eta haien guraso edota arduradunak.

Eskola orduz kanpoko jardunaren garrantzia

Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak ematea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzea. Hori dela eta, Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei.