Laser ikuskizuna eta 1.000 dronekin egindako show bat Gabonei ongietorria emateko

Kontxako badian izango da inaugurazio ekitaldia, abenduaren 4an, 19:30ean

2026/11/20 argitaratua

Abenduaren 4an emango zaie ongietorria Gabonei, 19:30ean, Kontxako badian egingo den inaugurazio batekin, jaietako une berezienetako bat izango da. Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, antolatu duen kanpainak urtarrilaren 6ra arte iraungo du, eta hiria argiz, musikaz, jardueraz eta familiarekin gozatu eta partekatzeko proposamenez beteko du.

Inaugurazioari hasiera emateko, ikuskizun bisual handi bat egingo da, inpaktu handiko ekintzetan espezializatutako Allumee enpresa frantsesaren eskutik. Argiz eta soinuz betetako ikuskizunean, hainbat argi-sortak badia zeharkatuko dute eta ur gainean islatuko dira, gaueko protagonista nagusietako bat hasi aurretik: 1.000 dronez osatutako show bat, Donostiako badiaren gainean.

Atzera-kontuaren ondoren, Udaletxeko terrazatik piztuko da Gabonetako argiztapena, eta hasiera ofiziala emango zaie jaiei. Inaugurazioarekin jarraitzeko, argizko pertsonaia batzuk aurkituko ditugu jende artean paseatzen, Alderdi Ederreko baso argitsuan. Ospakizuna hiriko beste toki batzuetara ere zabalduko da, aldi bereko ikuskizun bisualak aurkituko ditugu zenbait tokitan:

  • Kursaaleko Gabonetako Bolan
  • Ramon Labayeneko agertokian
  • Urumea pasealekuan, Gabonetako Azokako zenbait eremutan

Inaugurazioaz gozatu, segurtasunez: nola iritsi eta mugitu

Aurten, ikuskizuna zuzenean Kontxako badian egingo da eta ikusteko tokirik egokiena Kontxako baranda izango da, Nautikotik hasi eta erlojuetaraino, baita hondartza ere, zeina itsasbeheran toki pribilegiatu bihurtuko baita droneez gozatzeko. Gainera, tokiaren sonorizazioa hobetuko da, showaz ezin hobeto gozatzeko.

Garraio publikoa
Aurten bereziki gomendatzen dugu joan-etorriak aurretiaz planifikatzea eta garraio publikoa lehenestea.

  • Euskotrenen Erdialdea-Kontxa geltokia da hurbilen dagoena, eta hiru sarbide ditu: Xabier Zubiri kalean (Londres Hotela), Loiola kalean eta Easo kalean, guztiak 2-5 minutura, oinez. Easoko sarbidean igogailu bat dago, mugikortasun urriko pertsonentzat.
  • Renferekin bazatozte, Iparraldeko geltokia 10-15 minutura dago, oinez.
  • Gainera, Dbusek zerbitzu bereziak jarriko ditu (ikus ordutegiak kanal ofizialetan)
  • Vaita Lurraldebusek ere

Bizikletaz edo patinetez
Bizikletaz edo patinetez etorri nahi baduzue, hobe da jendetza handieneko eremuetatik kanpo utzi eta ibilbideko azken metroak oinez egitea. Ibilgailu pribatua erabiliz gero, aurreikusitako trafiko murrizketengatik, komeni da Alderdi Eder, Boulevard zumardia, Portua eta Kontxako pasealekuko sarbideak saihestea.

Mugikortasun urriko pertsonak
Bestalde, mugikortasun urriko pertsonentzako gune bat gordeko da Alderdi Ederreko terrazan, eta aukera izango dute laguntzaile batekin joateko. Lekuak bete arte egongo da sartzeko aukera, Ijentea kalearen atzealdetik, 18:30etik 19:00etara.

Ikuskizuna amaitzean ere garraio publikoko zerbitzu bereziak erabiltzea gomendatzen da. Euskotrenen, Hendaiarantz doazen bidaiariak Loiola kaleko sarbidetik sartuko dira, eta Zumaiaratz eta Lasarterantz doazenak, berriz, Xabier Zubiri kaletik. Easoko sarbidean igogailua dagoenez, mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko gaituta dago. 

Programazio osoa, klik batean

Gabonetako kanpainaren egitarau osoa aurki dezakezue donostiagabonetakoazoka.eus webgunean. Gazteria Sailaren «Gabonak Zuretzat» programazioa ere aurkituko duzu aurkezten denean, auzoetako ekimen eta jarduerekin. 

Deskargatu prentsa ohar osoa hemen>