Haurren Nazioarteko Eguneko jaiak hamar urte daramatza haurren integrazioaren eta eskubideen alde egiten
Azaroaren 20ko programazioan musika, jolasak, ipuinak eta jarduerak sartu dira, haurren parte-hartzea eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko
2026/11/20 argitaratua
Azaroaren 20an Haurren Egun Unibertsala da, Nazio Batuek Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa (1989) onartu zutela gogoratzen duen eguna. Hori dela eta, Donostiako Udalak, Giza Eskubideen, Gazteriaren eta Kultura Aniztasunaren atalen bidez, eta Donostia Kulturarekin batera, haur guztien eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta eskubide horiek aldarrikatzeko programazioa antolatu du, hiriko haurtxoko eta gaztelekuetan eta udal-liburutegietan.
Egun horretan egingo den jarduera nagusietako bat Haurren Nazioarteko Eguneko jaia izango da. Besteak beste, musika, jolasak eta ezustekoak antolatu dira, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat. Ekitaldia 18:00etan izango da, Ernest Lluch kultur etxean. Mestiza Arte eta Kultura Elkartea arduratu da aurten hamargarren urteurrena duen jai hau antolatzeaz. Urte hauetan guztietan, haurrak hiriko bizitza kulturalaren parte aktibo gisa aitortzea eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza bultzatzea izan du helburu, eta, horrez gain, kulturarako eta hezkuntzarako sarbidea eta garapen jasangarrirako helburuak ere sustatu ditu.
Parte-hartzearen ideia horrexek zeharkatzen du aurtengo gonbidatu Madalena Matoso (Lisboa, 1974) haur-literaturako ilustratzaile eta egilearen obra ere. Haren liburuetan, pertsonaiak eta jarduerak agertzeko eran ez dago aurrez pentsatutako ideiarik, eta haur bakoitzak historiaren parte izateko bere modua imajinatu dezake horrela.
Haurren Nazioarteko Eguneko lehen jaia Aieteko kultur etxean egin zen, 2016an. Geroztik, hainbat tokitan antolatu da, hala nola Altzan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Loiolan, Intxaurrondon, Egian eta Grosen.
Jarduera gehiago
Azaroaren 20an bertan, Lugaritz kultur etxeko liburutegian, 17:30ean, Ipuinaren ordua programaren barruan, Lur Kortak Oliver Button poxpolin bat da eta Sioux txikia ipuinak kontatuko ditu, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat.
Udal haurtxoetan eta gaztelekuetan Ingurune seguruak bilatuz eta Ikastetxeak jolasean programetan parte hartzen duten umeek gogoeta egingo dute pertsona guztientzat, bereziki haur eta gazteentzat, espazio seguruak eraikitzeko moduari buruz.
Gainera, udaletxeko fatxadan olana bat jarriko da, Haurren Eskubideen Konbentzioaren onarpenaren 36. urteurrena gogoratzeko.