Altzak Ekialdeko Barrutiko elkarteen lehen azoka hartuko du larunbatean

23 elkarte eta taldek hartuko dute parte Harria parkean 10:00etatik aurrera, euren eguneroko lana ezagutarazteko 

2026/11/16 argitaratua


Datorren azaroaren 21ean, larunbata, Ekialdeko Barrutiko Elkarteen Trukaketa ekimenaren lehen edizioa egingo da Altzako Harria parkean. Jardunaldia 10:00etatik 14:30era bitartean izango da, eta tokiko elkarteen eguneroko lana ezagutaraztea, erakundeen arteko sinergiak sortzea eta herritarrei egiten duten lana hurbiltzea izango ditu helburu.

ELKARTRUK Ekialdeko Barrutiko Batzarrak sustatutako ekimena da. Udal-organo hori Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako elkarteen ordezkariek eta ordezkari politikoek osatzen dute. Ekimenaren asmoa elkarteek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta harremanak sendotzeko aukera eskaintzea da, baita auzotarrei beren auzoetan egiten duten lana ezagutaraztea ere.

Lehen edizio honetan, 23 elkarte eta taldek hartuko dute parte, hainbat arlotakoak: kultura, euskara eta tokiko historia, gizarteratzea, berdintasuna, osasuna eta giza eskubideen defentsa, besteak beste.

Altzatik honako elkarte hauek izango dira bertan: Altzalore Astialdi Taldea, Lumaltik Herriak, Smoke Screen Asociación Artística Cultural y Recreativa, Altza XXI Herri Ekimena, Bizarrain Euskara Elkartea, Asociación Ucrania-Euskadi, AHM-Altzako Historia Mintegia, Altzania Kultur Elkartea, Elkartasuna Altzako Auzo Elkartea, Asociación Social y Cultural Distrito Este de San Sebastián, Asociación Red de Derechos por los Derechos Sociales y Humanos, Larratxoko Ostadar Emakumeen Elkartea, Herripe, Arriaga Serafines Kultur Elkartea, Ibili Fundazioa, Asociación Club Deportivo Altza Fútbol Sala eta Altzako Jai Batzordea.

Intxaurrondoren aldetik, honako hauek izango dira: Asociación Contra la Anorexia y la Bulimia ACABE Gipuzkoa, Asociación Artística-Sociocultural Mestiza, Plazandreok, A.M. Intxaurrondo Berri E.E. eta ULIA (ASPACE Gipuzkoa). Halaber, Bidebietan presentzia duen Fundación Adsisek ere parte hartuko du.

Hainbat jarduera

Jardunaldiak publiko guztientzako jarduera programa izango du.

  • Azoka 10:00etan hasiko da
  • 10:15ean Taupada taldearen batukada izango da
  • 11:30ean, Smoke Screen taldeak dantza-erakustaldia eskainiko du
  • 12:00etan Muxin eta Zapotxin pailazoen txanda izango da

Goiz osoan zehar, bertaratzen direnek parte hartzen duten elkarteak ezagutzeko eta haien lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, haur eta nerabeei zuzendutako tailerrak ere egingo dira.

ELKARTRUKen bidez, elkarteek beren proiektuak, ekimenak eta lan-arloak aurkeztuko dituzte, topaketarako, elkarrizketarako eta esperientziak trukatzeko gune ireki batean. Jardunaldiaren helburua komunitate-ekintzaren balioa ikusaraztea eta elkarteen arteko harreman eta lankidetza berriak sustatzea da, baita herritarren parte-hartzea bizi garen ingurunea hobetzeko funtsezko tresna dela erakustea ere.