Euskaragida, euskarazko produktuen gida argitaratu da 12 urte arteko haurrentzat

Liburu, joko, musika eta bestelako berritasunei buruzko informazioa jasotzen du

2026/11/17 argitaratua

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak kaleratu duen Euskaragida 2026 argitalpenak haurrei zuzendutako euskarazko produktu berrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu hainbat ataletan sailkatuta ( liburuak, komikiak,  APPak, Podcastak, jokoak, musika eta abar).

Liburuen eskaintza oparoa izanda, hiru adin tarteka dago banatuta. Era horretan, gurasoek errazago aurkituko dituzte euren seme-alabentzat egokiak diren produktuak:

  • 0-4 urte
  • 5-9 urte
  • 10-12 urte

Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotziaren esanetan gida lagungarria izango da euskarazko produktuen aukeraketa egokia egiteko: ”Irakurtzea plazer bihurtzen da haurrak bere intereseko liburua topatzen duenean. Horretan laguntzeko sortu dugu gida hau. Liburuaren ezaugarriekin eta gaiarekin asmatuz gero, haurrak gusturago irakurriko du eta irakurtzeko zaletasuna areagotu egingo zaio. Beraz, gida tresna lagungarria dela iruditzen zaigu. Pantailak baztertu eta liburu fisikoa erabiltzea gomendatzen dizuegu, irakurritakoa hobeto ulertzen eta sormena garatzen laguntzen baitu”. 

Ikastetxetan banatuko da

Aurten ere, 12 urtetik beherako haurren artean banatuko da gida hiriko ikastetxeekin elkarlanean. Horrez gain, zenbait saltokitan ere eskuratu ahal izango da. Guztira 12.000 ale banatuko dira.

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokak ateak zabalduko ditu euskarazko literaturaren berrikuntzekin eta handik gutxira Gabonak iritsiko dira. Beraz, horien aurretik banatuko du gida Udaleko Euskara Zerbitzuak, garai ezin hobea baita euskarazko liburuak erosi edota oparitzeko eta horiez gozatzeko.

Deskargatu gida >