Urteko lehen seihilekoan ere Dbus-ek zifra historikoak erregistratu ditu
Dbusen sarean orain arte erregistratutako daturik onenak dira. 2025eko datuekin alderatuta, %1,79ko igoera egon da, eta 2024ko datuekin alderatuta, berriz, %7,76ko igoera.
2026/07/22 argitaratua
Urteko lehen seihilekoan ere Dbusek zifra historikoak erregistratu ditu. Zehazki, 16.626.862 bidaia erregistratu ditu, hau da, iazko epe berean baino 292.103 bidaia gehiago. Dbusen sarean orain arte erregistratutako daturik onenak dira. 2025eko datuekin alderatuta, %1,79ko igoera egon da, eta 2024ko datuekin alderatuta, berriz, %7,76ko igoera.
2026aren hasieratik gaur arte hauek dira, hurrenez hurren, gehien erabili diren Dbuseko lineak:
- 13-Altza linea, zeinak bere hazkundea sendotu duen,
- iaz oraingo denbora tarte berean baino %2,47 gehiago erabili baita;
- 28-Amara-Ospitaleak linea;
- 5-Benta Berri linea;
- 17-Gros-Amara-Miramon linea,
- eta 26-Amara-Martutene linea.
Linea horien guztien bidaiak orain arte erregistratutako guztien erdiak dira.
Goranzko joerari jarraituz, lanegunetako bidaien eguneko batez bestekoa ere handitu da lehen seihilekoan: 2025ean 106.630 zen, eta 2026an 106.799ra igo da, hau da, %2,61 igo da. Ildo horretan, azpimarratzekoa da maiatzean erregistratu dela lehen seihileko batean erregistratutako lanegunetako eguneko batezbesteko altuena, 109.510 bidaiarekin, iazko zifra errekorrak gaindituta, orduan 106.630 bidaia izan baitziren.
Bidaiari gehien izan dituzten uneak
2026ko lehen seihilekoan jendetza handiena izan duen eguna urtarrilaren 19a izan da, San Sebastian egunaren bezpera, guztira 124.900 bidaia erregistratu baitira Dbuseko autobusetan, eta, horren ostean, otsailaren 13a, 116.848 bidaiarekin, eta martxoaren 13a (Anoetako futbol partida, Reala-Athletic, Kopako finalerdia) 116.598 bidaiarekin.
Gainera, 2026ko maiatza eta ekaina Dbusen historian bidaia kopuru handiena izan duten hilabeteetako batzuk dira. Ekainean 2.899.153 bidaia erregistratu ziren, eta maiatzean 2.890.039 bidaia.
Era berean, nabarmentzekoa da 34.027.482 izan dela 2026ko ekainaren 30ean zenbatutako azken 12 hilabeteko bidaia kopurua. Dbusen historian lehen aldia da 12 hilabetean 34 milioi bidaia baino gehiago egin direla.