Alkatearen bandoa Topo berriaren inguruan
Jon Insaustik herritarrekin partekatu nahi izan du hiriko mugarri berri honen garrantzia
2026/11/19 argitaratua
"Donostiarrok:
1864ko abuztuaren 14an iritsi zen trena Donostiara. Urte horretan bertan, hiria harresiak eraisten hasi zen, harresietatik haratago hazteko prestatzen ari zen. Trenak bizitzeko, lan egiteko eta salerosteko modu berriak ekarri zituen. Mende erdi geroago, 1912ko abenduaren 5ean, Peñaflorida kaletik Irun aldera irten zen trena eta Topoa izena jarri genion.
Mende bat baino gehiago geroago, Donostiak hiri baten norabidea markatzen duten mugarri horietakoa biziko du berriro.
Azaroaren 21etik aurrera, trenek Donostiako erdigunea zeharkatuko dute lurpeko pasabide berritik. Egun horretan Bentaberri, Kontxa-Zentroa eta Amarako geltokiak irekiko dira, eta zazpi minutu eta erditik behin tren bat igaroko da Añorga eta Pasaia artean.
Tren obra bat baino askoz gehiago estreinatzen dugu. Gure auzoak batzeko, elkarrengana hurbiltzeko eta hiria egiten jarraitzeko beste modu bat. Hobeto komunikatua dagoen Donostia. Irisgarriagoa eta jasangarriagoa.
Oso gauza zehatzetan nabarituko dugu: lanera edo klasera iristeko denboran, hiriaren beste aldera norbait ikustera joateko erraztasunean eta, funtsean, egunerokoari irabaziko dizkiogun minutuetan, izan familiarekin nahiz lagunekin egoteko edo, besterik gabe, Donostiaz gozatzeko. Izan ere, hiri bat hobea da bizitza errazten digun heinean.
1864an trenak beste hiri eta udalerri batzuekin elkartu gintuen. Gaur egun, auzoak elkartzen laguntzen digu, eta, orduan bezala, hiri-eraldaketako eta aukeretako aro berria irekitzen du. Halaber, helmuga argia du aro berriak: Donostia Europako hiri oparo eta zoriontsuenetako bat izatea. Eta donostiar erara lortuko dugu: pausoz pauso, umiltasunez eta etengabeko lanarekin.
Eskerrak eman nahi dizkiet obra hau ahalbidetu duten pertsona guztiei eta, bereziki, urteetan zehar zaratarekin, hautsarekin eta lanen eragozpenekin bizi izan diren bizilagunei eta saltokiei. Eskerrik asko zuen pazientzia eta ulermenagatik. Aurrerapen horren zati handi bat zuena da.
Geltoki berriak ezagutzera gonbidatzen zaituztet, zuen egunerokoan Topoa erabiltzera eta eskaintzen digun guztiaz gozatzera.
Ospa dezagun Donostiako historiaren atal berri hau. Azaroaren 21ean Topo berri bat estreinatuko dugu eta, horrekin, hiri batuago eta etorkizunerako hobeto prestatuago baterantz pausoa emango dugu.
Donostiak aurrera egiten jarraitzen du".