Onartu da Donostiako 2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategikoa

Tokiko merkataritza lehiakorrago, berritzaileago eta jasangarriago baten alde egiteko apustua da

2026/10/01 argitaratua

2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategiko berria prestatzeko lanak Donostia Sustapenak gidatu ditu. Plan horren xedea da hiriko merkataritza sarea indartzea, eta partaidetza prozesu baten bidez eraiki da bide orri hori. Planak berrikuntzan eta lankidetzan oinarritutako merkataritza eredu bat bultzatzen du, bikaintasunean oinarritua, eta eragile anitzeko bestelako gobernantza eredu bat txertatzen du. Horrek indartu egingo du erakundeen, merkataritza sektorearen eta inplikatutako gainerako eragileen arteko koordinazioa.

Hiriko azken barometroak emaniko datuen arabera:

  • Donostiako merkataritza sareak 2.460 establezimendu inguru ditu
  • hiriko enpleguaren % 8,6 sortzen du
  • tokiko barne produktu gordinari % 5,3ko ekarpena egiten dio

Hori horrela, kontsumo ohitura berriek eta aldaketa demografikoek markatutako eraldaketa prozesu batean murgilduta dago.

Erronka nagusien artean, saltokien kopuruaren bilakaera eta belaunaldien arteko erreleboa errazteko beharra nabarmentzen dira, baita pertsonako kontsumoaren beherakada progresibo bat ere, bai egoiliarren artean, bai hiriko bisitarien artean.

Hiru ildo estrategiko

Erronka horiei erantzuteko, hiru ildo estrategiko nagusiren inguruan egituratzen da 2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategikoa, eta bakoitzak bere batzorde teknikoa izango du:

  • Pertsonak eta enpresa proiektuak: saltokien talentuan eta lehiakortasunean jartzen du arreta, eta, horretarako, enplegagarritasuna, prestakuntza, ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeari lotutako jarduerak aurreikusten ditu, programa berritzaile eta tematikoen bidez.
  • Hiri espazioa garatzea: merkataritza sektorearen eta hiri politiken arteko koordinazioa hobetzera bideratuta, merkataritza jarduerarako ingurune onuragarriago bat sortu ahal izateko: mugikortasunetik eratorritako aukerak aprobetxatzea, ostalaritzarekiko bizikidetza hobetzea eta eraldaketa potentzial handiko proiektu bereziak bultzatzea.
  • Hiria sustatzea: kontsumo profil guztietara egokituta, auzo denetako donostiarrentzat, gipuzkoar guztientzat, bai eta bisitarientzat ere.

Modu transbertsalean, 2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategikoak jarduera komertziala monitorizatzeko sistema bat txertatzen du, eta, hala, 2026-2030 aldian izan duen inpaktua neurtu ahal izango da, dela adierazleak neurtuz, dela azterketa espezifikoak eginez.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, "Donostiako hiri-merkataritzak erronka garrantzitsuei egin behar die aurre, eta, beraz, estrategia bat izatea funtsezkoa da lehiakortasuna indartzeko eta enpleguaren motor gisa sendotzeko. Ibilbide orri honek funtsezko gaietan jartzen du arreta, hala nola belaunaldi-ordezkapenean, talentuan, establezimenduek beren jarduera garatzen duten kaleen eta plazen zaintzan, prestakuntzan edo digitalizazioaren bultzadan. Eta hori guztia elkarlanean egin dugu, beste erakunde batzuen, merkataritzaren beraren eta ekosistema hori osatzen duten eragileen eskutik".

Informazio guztia kontsulta dezakezu Donostiako 2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategikoa