Donostian galdutako objetuak gordailatu, zaindu eta itzultzeko araudi berria onartzeko proposamena
Duela hamarkada batzuetatik hona, Udaltzaingoa arduratzen da hirian galdutako objektuez, eta ez dago sortzen diren kasu ezberdinetan jarraitu beharreko prozedura ezartzen duen araurik. Gainera, kontuan hartu behar da Donostia joan-etorri turistiko handiko hiria dela eta gero eta ekitaldi gehiago egiten direla bertan; horren guztiaren ondorioz, galtzen eta udal-bulegoetan entregatzen diren objektuen kopuruak gora egiten du urtero.
Erregelamendu hau onartzearekin lortu nahi den helburua honako hau da: tresna argi eta erraz bat ematea Galdutako Objektuen Bulegoan gordailututako objektuak jasotzeaz, zaintzeaz eta entregatzeaz arduratzen diren funtzionarioei, eta herritarrek ezagutzea zer eskubide eta betebehar ezartzen dituen legeak, printzipioz jaberik ez duen objektu bat aurkitzen denean. Azken finean, Kode Zibilaren 615. eta 616. artikuluetan aurreikusitako prozedura protokolizatzea da helburua eta inork erreklamatzen ez dituen objektuen helmuga arautzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, egin eta izapidetu nahi den arau-proiektuaren azalpen-memoria hau idazten da, herritarren eta eraginpean egon daitezkeen erakundeen iritzia jasotzeko.
Ekarpen epe amaiera: 2026/08/11
Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren
Galdutako objektuak askotarikoak dira: balio txikiko objektuak; aterkiak edo jantziak; gaur egun ezinbestekoak diren eguneroko objektuak, hala nola telefono mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak; edo balio handiko objektuak, hala nola bitxiak edo eskudirua. Kategoria bakoitzaren kudeaketa egokia desberdina da, araurik ezean, nahasmena eta segurtasunik eza sortzen ditu horrek. Lehenik eta behin, kudeaketa hori antolatzea da Erregelamenduaren xedea.Bigarrenik, urteetan zehar inork erreklamatu ez dituen objektuak pilatzen joan dira. Kode Zibilaren 615. artikuluaren arabera, aurkikuntzaren bigarren argitalpenetik bi urte igaro eta jabea agertzen ez bada, aurkitzaileari dagokio objektua; aurkitzaileak objektu horri uko egiten dionean edo agertzen ez denean, edo aurkikuntza udal-langileek beren eginkizunak betetzean egiten dutenean, ondasuna jabegabe geratzen da eta Udalak okupazio bidez eskura dezake (Kode Zibilaren 610. artikulua). Erregelamenduak ibilbide hori eta horrela eskuratutako objektuen helmuga-aukerak jaso behar ditu: enkante publiko bidezko besterentzea, helburu sozialetarako lagatzea edo hondakin gisa tratatzea, objektuaren izaeraren eta balioaren arabera.
Hirugarrenik, objektu batzuen kasuan —bizikletak, patineteak, haur-kotxeak eta tamaina handiko beste objektu batzuk—, horiek bi urtez zaintzea neurriz kanpokoa da sortzen duten kostua eta betetzen duten espazioa kontuan hartuta; objektu galkorren edo balio txikikoen kasuan ere, neurriz kanpokoa da horiek bi urtez zaintzea. Hori kontuan hartuta, kudeaketa-arau espezifikoak aurreikustea komeni da, jabe- eta aurkitzaile-eskubideak baliabide publikoen arrazoizko erabilerarekin bateragarri egiteko.
Azkenik, herritar askok ez dakite Udaltzaingoak zerbitzu hori ematen duela eta ez dakite nola kontsulta dezaketen galdutako objektu bat entregatu al den. Erregelamenduak publizitatea eta gardentasuna emango dio zerbitzuari, aurkitutako objektuak Udalaren webgunean argitaratzea aurreikusiko du.
Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna
Gaur egun, Udalak ez du gai hori arautzen duen araurik. Erregelamendua onartzea beharrezkoa da agenteei eta gordailuaren ardura duten langileei eguneroko lanean segurtasun juridikoa emateko, herritarrek objektu bat galtzean edo aurkitzean dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko, eta pilatutako eta erreklamatu gabeko objektuen helmuga modu arautuan bideratzeko, etorkizunean pilaketa-egoerarik berriro sor ez dadin.Arauaren helburuak
1- Udaltzaingoak galdutako objektuak jaso, erregistratu, zaindu eta itzultzeko protokoloa ezartzea.2- Herritarrek objektu bat galtzean edo aurkitzean dituzten eskubideak eta betebeharrak arautzea, Kode Zibilaren 615. eta 616. artikuluetan aitortutako aurkitzailearen eskubidea barne.
3- Aurkitutako objektuen publizitate-araubidea ezartzea, jabeek errazago aurki ditzaten.
4- Udalak erreklamatu gabeko objektuak eskuratzea eta horien azken helmuga (enkante publikoa, helburu sozialetarako lagapena edo hondakin gisa tratatzea) arautzea, kategoria berezietarako arau espezifikoekin (baliozko objektuak, dirua, tamaina handiko objektuak, objektu galkorrak eta dokumentazio ofiziala).
Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen
Udaltzaingoaren barne-jarraibide edo -protokolo bat onartzeko aukera aztertu da, alternatiba gisa. Aukera horrek antolakuntzaren barruranzko kudeaketa antolatuko luke, baina ezin ditu herritarren eskubideak eta betebeharrak arautu, ez aurkikuntzen publizitate-araubidea, ez eta Udalak eskuratutako ondasunen erabilera ere. Horiek arautu ahal izateko, Udalbatzak onetsitako erregelamendu-arau bat izan behar da, non xedapen orokorrak egiteko prozeduraren berezko partaidetza- eta publizitate-bermeak dauden. Araurik ez onartzeak betikotu egingo lituzke egungo segurtasun juridikorik eza eta helmugarik gabeko objektuen pilaketa. Bi aukera horiek baztertuta, udal-erregelamendua da tresna egoki bakarra adierazitako helburuak lortzeko