Aparkaldi Arautuaren Zerbitzua (TAO) arautzen duen Udal Ordenantza aldatzeko proposamena

Aparkaldi Arautuaren Zerbitzua Arautzen duen Udal Ordenantza (TAO Ordenantza) 2013an onartu zen lehenengo aldiz, aparkaldi arautuaren udal zerbitzu publikoaren arauak ezartzeko asmoz. Zerbitzu horren helburua da, bidezko erabileraren bidez, aparkatzeko dagoen esparru murritzaren erabilera optimizatzea. Horretarako, ibilgailuen errotazioa lortzeko gehieneko aparkatze-denborak ezartzen dira eta erabilera, erantzun nahi zaion eskariaren arabera definitzen da, mugikortasun jasangarria sustatuz horrela.

TAO Ordenantzak, hasierako onarpen horretatik, hainbat aldaketa izan ditu, hirian antzeman diren beharrei erantzuteko.

Mugikortasun Arlo honek TAO Ordenantza aldatu nahi du berriro. Hori dela-eta, 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatutakoa betez, gauzatu nahi dugun proiektuaren azalpen-memoria hau idatzi dugu, herritarrei aldez aurretik egin beharreko kontsulta-prozesua egiten hasteko.

Ekarpen epe amaiera: 2026/12/02

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Ekimen horren bidez, helburu hauek lortu nahi ditugu:
- Okupazio handiek eta oso iraupen luzeko aparkaldiek sortzen dituzten arazoak murriztea. Izan ere, araututako aparkalekuen ondoko eremuetan, kanpoko ibilgailuek aparkaleku-eskari handia sortzen dute eta esandako arazo horiek eragin.
- Kanpoko ibilgailuen iraupen laburreko eta ertaineko eskaerari erantzutea, lanera joaten diren ibilgailuek aparkalekuak erabat betetzen dituzten eremuetan.
- Erregimen bereziko baimenak kudeatzeko ezarritako prozedurak hobetzea, antzemandako kasuistikan oinarrituta.
- Egoiliarren Aparkaleku-Baimena lortzeko betekizunak eta erabilera-baldintzak arrazionalizatzea.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Aipatutako arazoak konpontzeko, erasandako eremuak TAO Zerbitzuan integratu behar dira, haien erabilera araututa. Bestalde, TAO Ordenantzan ezarritako araubide bereziko baimenen izapidetzeari eta eskuratzeari dagokienez, hautemandako kasuistika kontuan hartzen duten prozedurak ezarri behar dira. TAO Ordenantzaren aldaketa tresna egokia da proposatutako helburuak lortzeko.

Arauaren helburuak

Hauek dira proposamenaren helburuak:

• Aparkaldi Arautuaren Udal Zerbitzua zabaltzea, eta araututako eremuaren definizioan antzemandako akatsak zuzentzea.
• Aparkalekuen sektorizazioa aldatzea.
• Ezarritako erregulazio-ordutegiak aldatzea.
• Egoiliarren Ibilgailuetarako ezarritako salbuespenezko araubidea aldatzea, zenbait Sektoretako Egoiliarren Aparkaleku Baimenari balio erantsia emanez.
• Araubide bereziko baimenen izapidetzea eta eskuratzeko modua aldatzea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Teknikoki, hautemandako arazoak konpontzeko alternatiba posibleak bi hauek dira: aparkatzeko esparruaren erabilera arautzea eta ezarritako prozedurak aldatzea. Beraz, Aparkaldi Arautuaren Zerbitzua Arautzen duen Udal Ordenantza egokitzea beste aukerarik ez dago.