Albisteak

Memoria 2021: Kirola egiten duten donostiarren ehunekoa % 74tik gorakoa izan zen 2021ean

2022-03-09

Donostia Kirolak aurkeztutako memoriaren emaitzek berresten jarraitzen dute donostiarren kirol-jardueraren indize altua, eremu horretan aurreratuen dauden herrialdeetakoen parekoa. Hala ere, pandemiak eta horri lotutako murrizketek aldaketa batzuk eragin dituzte herritarren kirol-ohituretan 2020an eta 2021ean.

Kirolaren praktika

2021ean egindako kirol-ohiturei buruzko inkestaren arabera, gutxienez astean behin kirola egiten duen biztanleriaren ehuneko handia mantentzen da, % 74tik gora. Hala ere, aurtengo azterketak erakusten du aire libreko kirola asko handitzen dela, kirol-instalazioetan egiten denaren kaltetan.

Hori udalaren kirol-zerbitzuei buruzko datuetan islatzen da, hala nola Kirol Txartelean abonatutako pertsonen kopuruan, % 7,5 jaitsi baita 2021ean, 42.700 abonaturaino. Udalaren kirol-instalazioren batean abonatutako biztanleriaren ehunekoa % 27,8tik % 26,1era igo da.

Donostia Kirolak 2021ean antolatutako jarduera-kanpainek 27.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituzten, 2020an baino % 7,5 gutxiago. Eskola-igeriketa da beherakada handiena izan duen kanpaina, ikastetxeen bidez egindakoa, % 50 murriztu baita.

Kirol Ekintzak jarduera-kanpaina, bestalde, % 15 jaitsi da, baina kontuan izan behar da Zuhaizti hainbat hilabetez itxi dela eta kudeatzaile berriak eskaintza aldatu duela. Aukeran programaren bidez hartutako saioak % 24 igo dira, baita Kirol Txartelaren abonatuei zuzendutako doako jarduera-kanpainetan partaidetza ere.

Azkenik, UDA Kanpainaren parte-hartzea % 9 handitu da 2020. urtearekin alderatuta, gehienbat aire zabalean egin baita.

Udalaren kirol-instalazioen erabilera 2020an galdutako erabilerak berreskuratzen hasi dira, eta, beraz, aurten ia 2,5 milioi erabilerara iritsi da, aurreko urtean baino % 52 gehiago, nahiz eta 2019an erregistratutakoa baino % 25 txikiagoa izan oraindik.

Paco Yoldi kiroldegiak jarraitzen du izaten erabiliena hirian, 340.000 erabilerarekin. Jaitsierarik handiena Zuhaiztin izan da, bost hilabetez itxita egon baita hobekuntza-lanengatik. Loiolako Erriberako instalazio berrituan (orain Kirol Txarteleko abonatuek ere erabil dezaketena) 145.000 sarrera erregistratu ziren.

Klubak eta kirol-erakundeak ezinbesteko aliatu gisa

2021ean, Donostia Kirolak 1.285.000 euroko diru-laguntzak eman zizkion kirolari (2020an baino % 9 gehiago), eta 38 ikastetxek eta 79 kirol-klubek jaso dituzte.

2020/21 ikasturtean, eskola-kiroleko lehiaketak bertan behera geratu ziren, eta, beraz, ez dago parte-hartzeari buruzko daturik. Kirol federatuaren eremuan 10.000 lizentzia federatu inguru daude kadeteetatik seniorretara, eta horien artean nabarmentzekoa da emakumezkoen lizentzien ehunekoak bere horretan jarraitzen duela, lizentzia guztien % 34 baitira.

Maila goreneko gure kirolarien kirol emaitzei dagokienez, Donostiaren posizio pribilegiatua indartu egin zen 2021ean. Donostia Kirolak 64 Urrezko Kirol Txartela eman zizkien guztira talde eta kirolariei, maila goreneko ligetan, Espainiako txapelketetan, Europakoetan edo mundukoetan lortutako dominengatik edo tituluengatik. Azpimarratzekoa da, halaber, Donostiako emakumezkoen kirolak lehen postuan jarraitzen duela Estatuko hiri guztien artean, maila goreneko talde kopuruagatik.

Hirian proba herrikoi batzuk berreskuratzeak era horretako kirol-jardueretan 37.000 pertsonak parte hartzea eragin zuen, Behobia-SS edo San Silvestre bezalako probak nabarmenduz.

Kirol ekitaldien egutegia ere 2021ean hasi zen berreskuratzen, Donosti Cup, Maratoia, Nazioarteko Krosa, Eskubaloiko Egiako Txapelketa, Estropadak edo SS-SS Klasika bezalako probekin.

Kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta iraunkorra

Donostia Kirolak aurrera egiten jarraitzen du arlo horretan erreferente bihurtu duen kudeaketa-ereduaren garapenean, eta Euskadiko udal-kirol zerbitzu bakarra izaten jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratuaren aintzatespenarekin.

Ekonomiaren arloan, Donostia Kirolak autofinantzaketa funtzionalaren maila % 50etik gorakoa da. 2021ean, aurreko urteekin alderatuta behera egin zuen arren, funtzionamendu-aurrekontu arruntaren % 53,50 emandako kirol-zerbitzuek sortutako diru-sarrerekin estali zen.

Donostia Kirolaren konpromiso soziala pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten bideratutako ekimen ugarietan islatzen da, haien baldintza ekonomikoak edo sozialak edozein izanda ere.

Horretarako, hainbat programa garatzen ditu: kirol Txartela Solidarioa, Kirol Txartela Soziala, harrera-etxeekin akordioak, errefuxiatuak artatzen dituzten erakundeekin akordioak, etab. Konpromiso hori balantze sozialean jasotzen da, eta 2021ean berriz ere 500.000 €-tik gorakoa izan zen.

Ingurumen-iraunkortasunaren ardatzari dagokionez, 2019. urtearekin alderatuta, % 2 murriztu da energia-kontsumoa eta CO2 isuriak. 2016tik aurrera egindako ekintzei esker, kiroldegietako CO2 isuriak % 65 murriztu dira.

Erabiltzaileen gogobetetasuna

Erabiltzaileek udal kirol zerbitzuei buruz duten pertzepzioak bere balorazio altuari eutsi dio 2021ean. Instalazioen erabiltzaileen batez besteko balorazioa 7 baino handiagoa izan zen.

 

Memoria 2021

 

Aktualitatea