Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

17. Luis Aladrén Mendívil panteoia

San Sebastián 100-102
  • Urtea: 1893
  • Jabea: Marcelino Luis Aladrén Mendívil
  • Sustatzailea: Marcelino Luis Aladrén Mendívil
  • Arkitektoa: Marcelino Luis Aladrén Mendívil

1893-Sustatzailea-Arkitektoa: Luis Aladrén Mendívil. Estilo librea eta sendoko arkitektura baliatu zuen, joko bolumetrikoa oinarri zuena. Diamante punten apaingarria estilo horretara egokitzen da, eta ez du galtzen piramideak ehorzte-monumentuaren testuinguruan gordetzen duen zentzua.

Marcelino Luis Aladrén Mendívil *1852 Zaragoza +1902 Donostia. Madrilgo Arkitektura Eskolan titulatua, 1878an. Ikasketak amaitu ondoren, Belgika, Ingalaterra eta Frantzian bidaiatu zuen. Parisen bizi izan zen zenbait urtez. 1880an, eta Frantziako hiriburuan egin zen Arkitektoen Nazioarteko Biltzarrean, lankide espainiarren ordezkari izan zen. Ekitaldi hura egin zenetik aurrera sortu zen, hiri hartan, Adolfo Morales de los Ríos arkitektoarekin izan zuen harreman profesionala. 1880an "Casino de San Sebastián" Sozietate Anonimoak etorkizuneko kasinoa eraikitzeko proiektuen lehiaketa iragarri zuen. Aladrének eta Morales de los Ríosek egin zuten proiektu irabazlea. Sari hark ekarri zuen Donostiara 1883an; hiria ezaguna izango zuen ziur asko, amaren aldeko aitona-amonak hemengoak baitzituen. Luis Aladrén Ramona Gurruchaga Uriarterekin (*1863 Zumaia +1940 Donostia) ezkondu zen 1886an.

1887an, arkitekto biek elkarrekin lan egin zuten berriro, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiaren berreraikuntzan. Aladrénen obrarekin eta Morales de los Ríosenarekin, Donostia udaldirako hiri bihurtzen hasi zen; horretarako lagungarri izan ziren Kontxako Pasealekuan eta Mirakontxan laurogeita hamarreko hamarkadan sortu zituzten etxe alai eta ederrak eta "hoteltxoak" eta halaber, haien arkitekturan, kanpoaldera begira azuleju koloredunak jarri izanak.

Aladrének partikularren enkarguak hartu zituen hileta-monumentuak egiteko, besteak beste, San Sebastian kaleko 56-64eko kaperak, 1891n Carlos Gutiérrez Lozanoren alargunarentzat eginak; estilo eklektiko batean eginak dira, eta beste hileta-kapera batzuetan ikusten denetik ihes egiten du, oinean zein apaingarrietan. Hormatik gora igotzen den huntzari ematen dion trataerak estilo Modernista batera hurbiltzen du. Fernando Tutón Vizcaínorentzat, aldiz, San Sebastian 90-94ko kapera proiektatu zuen 1894an, eta bertan, Erdi Aroko arkitektura ingelesaren adibideak baliatu zituen.

Haren obra estilo neoerrenazentista eta neobarrokoen barruan sartzen da; oinean mugikortasuna izateko joera du, eta altxaeren independentzia. Aipatzekoa da, alor horretan, estalki tipologia ugaria baliatzen duela. Joera neomediebalista jarraitzen du eraikin erlijiotsuak eraikitzeko.

Gure hiritik kanpo, badira haren zenbait lan aipagarri: Zaragozan, Joyería Aladrén lokalaren proiektua, 1885ekoa, gaur egun kafetegi bihurtua, Alberto anaiarena zena, edo Bilboko Aldundiaren eraikina, 1890ean eraikitzen hasia.  Eraikin hori, hain zuzen ere, eklektizismo alfonsinoaren obra gorenetakotzat hartzen da Bizkaian.

Hil zenean, bi obratan ziharduen lanean: Bilboko Montero etxea, batetik, Jean Batiste Darroquy arkitekto frantziarrarekin batera, eta hark amaituko zuen obra. Bestetik, Donostiako Gros auzoko Zezen Plaza. Proiektu hori Francisco Urcola arkitektoak amaitu zuen. Bi eraikinetan, estilo modernista hautatu zuen.                                                                                                          

Alberto anaia izan zen Memento Homo hileta monumentuaren sustatzailea; oso gai originala zuen, bere hilobia zulatzen ari zen gizona erakusten baitzuen, Zaragozan dagoen Torrero-ko hilerrian. Clarasó eskultorearen obra izan zen, 1900eko Pariseko Erakusketa Unibertsalean urrezko domina jaso zuena.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea