Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

47. Rotondo - Nicolau panteoia

Junkaleko Andre Maria 46
  • Urtea: 1940
  • Jabea: Emilio Rotondo Pebrez
  • Enpresa eraikitzailea: Altuna, marmolistas

Teresa Nicolau eta haren seme Adriano-ren hilobia, 1940 arte, San Lorenzo kaleko 94an zegoen. Monumentu hau, 1895ekoa, Matías Arteaga obra-maisuak eginiko dolmen bat zen. Hilarri horrek gaur egun oraindik gure haran eta mendietan ikusten ditugun lauzak, lur jabetzen mugak ezartzen dituztenak, ekartzen dizkigu gogora. Burdinazko kateak eta zutabeak, azken horiek flamerodun erremateak dituztenak, antzinako monumentuaren arrastoak dira.

Teresa Nicolau y Parody, 1817 Madril - 1895 Donostia. Fernando VII. erregearen ohorezko idazkari Isidro Nicolau eta bi Sizilietako kontsularen alaba Concepción Parodyren alaba zen. Margolaritzarako dohainak zituen, eta gainera, aitak Vicente López Portaña ezagutzen zuen, erregeren ganberako margolaria. Horri esker, haren dizipulu izan zen. Arte miniaturistan eta erretratuetan espezializatu zen, eta Pelayo Quinterok 1907an adierazi zuen moduan, Espainiako eta atzerriko lehen miniaturisten artean toki bat merezi izan zuen. Errege barnetegi bat eskaini zioten, eta 1838an, hogeita bat urterekin, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako eta Valentziako San Carlos Akademiako ohorezko akademiko izendatu zuten. 1866ko erakusketan lehen mailako Ohorezko Aipamena jaso zuen "Jesukristo gurutzea bizkarrean duela" miniaturarekin, hots, Sebastián del Piomboren obra homonimoaren kopia batekin. Ikasleak eta maisuak erretratuak egin zizkioten elkarri, eta Lázaro Galdeano Museoan "Vicente López" izeneko erretratu bat dago, ustez Nicolaurena izan litekeena, eta Pradoko Museoan aldiz, Vicente Lópezek egindako Teresa gaztearen erretratu bat. Haren lan zabalaren barruan, aipatzekoa da La Sibila de Cumas, "il Dominiquino"-ren koadro baten kopia, eta Jordánek margotutako beste koadro baten kopia, Virgen, El Niño Dios y San Juanito. Margolari trebea izateaz gain, hainbat hizkuntza menderatzen zituen, literaturan jantzia zen, eta historiako ikertzailea. Zaletasun horiek guztiak Antonio Rotondo y Rabasco senarrarekin partekatzen zituen. Senarra, bide batez, Karlos III.-aren Gurutze Handiaren Zaldun zen. Gizon polifazetikoa izan zen gainera; izan ere, Errege Etxeko dentista izateaz gain ─1830ean izendatua─, margolaria zen, literatoa, bost hizkuntza zekizkien eta musikaria ere bazen. Gaitasun haiei esker, obra garrantzitsua utzi zuen. Emilio eta Adriano semeei ere historia eta arkeologiarako bokazioa transmititu zieten.

Donostia zen, aspalditik, Teresak uda igarotzen zuen tokia, eta hementxe hil zen, 1895eko abuztuaren 13an, Marina kalean zuen etxean.

1917an Donostian hil zen haren seme Adriano Rotondo Nicolau. Hilarrian ikus daitekeen moduan, Espainiaren Errumania eta Casablancako kontsul izan zen. Baina antikuario gisa ere agertzen da, eta Historiako Errege Akademiako idazkari gisa, 1872an. 1882tik 1898ra Marokon egon zen, eta han egon litezkeen aztarnategi arkeologikoak aztertu zituen. 1913an, azkenean, Larache-n aurkitutako kameu bat aurkeztu zion Historiaren Errege Akademiari. Obra hauek egin zituen, besteak beste: Un camafeo de Larache eta La cueva de Cervantes.

Teresa Nicolauk, Santa Teresarenganako jaiera zuenez, haren abituekin jantzita ehortzi zezatela eskatu zuen. Beste hainbat emakumek bezala, akademikoaren titulua bazuen ere, inoiz ez zitzaion aukerarik eman Akademiaren barruan eskolak emateko.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea