Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

18.Lataillade kapera

San Sebastián 110-114
  • Urtea: 1889
  • Jabea: Vda. de Anselmo Lataillade
  • Arkitektoa: José de Goicoa
  • Estilo arkitektonikoa: Clasicismo

Klasizismoa José de Goicoak estilo doriko zorrotz bat hautatu zuen, gurutzea elementu adierazgarri gisa jarrita. Kanpoko austeritateak kontrastea sortzen du barruko espazio intimoarekin; izan ere, beruneztatutako beirate batzuk ditu, eta hala, barrualdea ametsezko toki moduko bat da. Egun eguzkitsuetan, hormen baoek malba koloreko argia igortzen dute, eta goialdean dagoen begi handiak aldiz, urre koloreko argi dirdiratsua egiten du.  Forma geometrikoekin nahastuta, hosto-orriak ageri dira ─bananondoaren hostoa bere fruituarekin─ eta horregatik, beirate-sorta horrek joera modernista argia du.

José María Anselmo Lataillade y Queheille *1855 Altzaga  +1910 Donostia, Donostiara joan zen bizitzera 1875ean, Askatasunaren Hiribideko 9ra zehazki, eta erroldan jabe gisa eman zuen izena. Pedro Queheille zuen aitona, 1843an Donostiako alkate izan zena; gizon hark XIX. mendean garrantzitsuenetakoak izan ziren merkataritza- eta banku-etxeetako bat sortu zuen. Aitonak eta aitak, Eugenio Latailladek, negozioak zuzendu zituzten elkarrekin 1849tik aurrera. Mª de la Piedad Aldecoa Goyarrolarekin (+1935) ezkondu zen. 1885ean zinegotzi hautetsia izan bazen ere, kargutik salbuesteko eskaera egin zuen handik gutxira. Hiriko ekonomia-garapena eta ongizatea sustatzen zuten delegazioekin lotuta egon zen beti, eta hasiera batean, hiria gas bidez argiztatuko zuen enpresaren sustatzaileetako bat izan zen. Urte batzuk geroago, 1890ean eratu zen Compañía eléctrica de San Sebastián etxeko akziodunetako bat izan zen. 1896an, Belgikako kontsul gisa agertzen da. 

Haien seme Rafael Lataillade Aldecoa (*1879 Donostia  +1967 Donostia) Dolores Aisarekin ezkondu zen. Ingeniaritza ikasi zuen Bartzelonan. 1928an Donostia eta Hernani arteko Tranbia Elektriko Konpainiaren administrazio-kontseiluko kide izan zen. Erregimenaren aldekoa zenez, Industria Ingeniarien Kidegoko Ikuskari Nagusi izendatu zuten 1940an; hala ere, "Manifestuaren hogeita zazpi" sinatzaileetako bat izan zen, hots, Don Juan-en bitartez monarkia berehala errestauratzearen alde egin zuen, eta horrek, noski, gerora kaltetu egin zuen bere ibilbide politikoa. Donostiako alkate hautatu zuten 1942tik 1947ra bitartean. 1946an Gran Casino berreskuratu zuen, eta udaletxe bihurtu. Donostiako San Roke eta Egia auzoetan udal funtzionarioentzako etxeak eraiki zituen, eta artea eta folklore herrikoia bultzatu zituen. Gipuzkoako Industriaren ordezkari izatera iritsi zen, eta erretiratu arte kargu horretan egon zen.

Alaba bat izan zuten, Mª Dolores de la Piedad Lataillade (+1934), Antonio Cavero Goicorrotea Carondelet-eko Baroiarekin ezkondu zena.

 Lau seme-alaba izan zituzten. Seme zaharrena, Iñigo Cavero y Lataillade (*1929 Donostia +2002 Madril), UCDko buruzagi demokristaua izan zen, eta hurrenez hurren, Hezkuntza, Justizia eta Kulturako ministroa 1977 eta 1981 bitartean.  Tácito taldekoa izan zen, eta ondorioz, Hierro uhartean eduki zuten preso. Hainbat ministerio-kartera garatu zituen, eta hil zenean, Estatuko Kontseiluaren presidente zen. Rafael (+2013 León) eta Antonio (+2013 Madril) kirol arloko pertsona aipagarriak izan ziren biak; lehena, Espainiako Atletismo Federazioko presidente izan zen hamar urtez, eta bigarrenak aldiz, domina olinpikoa irabazi zuen Erroman. Piedad, alaba gazteena, higiezinen sektorean aritu zen, enpresari gisa.  

 

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea