Donostia Lagunkoia
Hiri plana
Plan honek biztanleriaren zahartzeak hiriko bizitzaren alderdi guztietan planteatzen dituen erronkak ditu ardatz.
Zer da Donostia Lagunkoia?
Donostia Lagunkoia Udalak bultzatutako Hiri Plana da, eta biztanleriaren zahartzeak hiri bizitzaren esparru guztietan planteatzen dituen erronketan arreta jarri nahi du.
Proiektuak eta jarduerak biltzen ditu hiria lagunkoiagoa egiteko eta, horrela, adinekoen eta Donostiako gizarte osoaren bizi kalitatea hobetzeko.
Plan honen bidez, helburu hauek bilatzen ditugu:
- Adineko pertsonak eta haien elkarteak ahalduntzea, eta komunitatean beren parte hartzea bultzatzea.
- Adin desberdinetako pertsonak parte hartzeko prozesuetan inplikatzea, belaunaldien arteko harremanak eta ezagutzen transmisioa sustatuz.
- Zahartzearen balio sozialaz sentsibilizatzea eta gero eta konplexuagoa eta zalantzazkoagoa den errealitate baten aurrean irtenbideak bilatzeko adinekoek duten zeregin aktiboa aitortzea.
Zergatik Donostia Lagunkoia?
Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da Donostian. Hiriak ondorio garrantzitsuak dituen fenomeno global bat islatzen du argi eta garbi.
Halaber, Donostiako adineko pertsonak oso desberdinak dira beren artean, askotariko istorioak, beharrak, gaitasunak eta bizitza ikusteko moduak baitituzte. Urteetan zehar bizi eta ikasi duten guztia oso baliotsua da hiriarentzat.
Udala egoera horren jakitun da, eta, aspalditik, hainbat departamentutatik lan egiten dugu adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko.
Donostia Lagunkoia errealitate horri modu integralean heltzeko tresna da, Udalaren ekintzak antolatuz eta beste pertsona eta erakunde batzuk hiria adin guztietarako hobetzen parte hartzera animatuz.
Zenbait datu
Donostian, adinekoen kolektiboa handia da (biztanleriaren % 25ek 65 urte baino gehiago ditu), eta, batez ere, askotarikoa. Ibilbide, gaitasun, interes, itxaropen eta bizi-proiektu oso desberdinak dituzten pertsonek osatzen dute.
Kontsultatu informazio demografiko guztia Donostia Data webgunean
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren bilakaerari buruzko proiekzio demografikoa ere kontsulta dezakezu.
Nola egiten dugu lan?
Donostia Lagunkoia zeharkako proiektu parte hartzailea da, eta udaleko arlo eta departamentu guztietan eragina duena. Aldi berean, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen lankidetza bilatzen duen hiri-plana ere bada.
Biztanlerian gertatzen diren aldaketak gizarte osoarentzat erronka bat direla uste dugu, eta herritar guztien artean erantzun behar dugula. Horregatik, 4 printzipiorekin lan egiten dugu:
- Parte hartzea eta elkarrekin sortzea
- Lankidetza eta talde-lana
- Ikuspegi orokorra
- Esperimentazioa
Donostia Lagunkoiaren prozesu parte-hartzailea 30 pertsonaz osatutako talde batek gidatzen du, gehienak adinekoak. Hiriko adinekoen errealitatea ezagutzen duenez, Donostia Lagunkoiaren antena gisa jarduten du, pertsona eta eragile berriak sartzea bultzatzen du, eta planaren eta haren ekimenen jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratzen da.
Lan-ardatzak
Donostia Lagunkoiak 4 ardatz dauzka bere jardunerako.
- Gune publikoa eta mugikortasuna: Pertsona guztiona den eta elkarrekintza sustatzen duen ondasun gisa, espazio publikoek malguak, askotarikoak, irisgarriak eta seguruak izan behar dute. Biztanleriarekin eboluzionatzen duen eta harremanak eta komunitatea sortzen laguntzen duen sistema baten parte dira.
- Bizitza osorako etxebizitza: Bizitzeko modu desberdinetara egokitzen diren eta etxean zahartzeko aukera ematen duten etxebizitzak:
- Irisgarritasuna bermatzeko hobekuntzak
- Araudiak egokitzea
- Finantzaketa-tresna berriak
- Eskura dauden baliabideak ezagutzeko laguntza
- Zaintzen duen komunitatea: Bakardadea, isolamendua, gaixotasuna, hauskortasuna edo energia falta bezalako errealitateak agertzen direnean laguntza eta arreta eskainiko duten sare komunitarioak sustatzea.
- Bizi-ziklo berria eta adinaren kudeaketa: Modu berriak daude zahartzaroa ulertzeko eta jarduteko, ondo zahartzeko plangintza egiteko, adin desberdinetako pertsonen arteko harremanak zaintzeko, lanean zahartzeari laguntzeko, belaunaldi berriak prestatzeko eta dakiguna partekatzeko.
Parte-hartu nahi duzu?
- Posta elektronikoa: donostia_lagunkoia@donostia.eus
- Harremanetarako formularioa
- Telefonoak: 943 481 356 / 1368
- X: @DSSLagunkoia
- Youtube: Donostia Lagunkoia
Aktualitatea
Donostia Lagunkoiaren gaurkotasuna X bere profilan jarraitu dezakezu: @DSSLagunkoia
Atal honek ikus-entzunezko piezak egiten ditu garatzen dituen proiektuak eta ekimenak zabaltzeko.
Dokumentu eta esteka interesgarriak
Dokumentu
Esteka interesgarriak
Donostian
Beste kokapenak
Elkarteak
Herritarren elkarteek eta beste gizarte-talde aktibo batzuek osatzen dute gure hirian parte hartzeko ardatz nagusia. Herri Entitateen Erregistroan Donostiako 1.000 elkarte baino gehiagori buruzko informazioa kontsulta dezakezu: helburuak, jarduera eremuak, harremanetarako datuak...
Adineko pertsonen elkarteak
Gure hirian adinekoen elkarte dezente daude, beste adinekoei jarduerak eskaintzeko lanean aritzen direnak. Komunitate-bizitzan duten presentzia oso garrantzitsua da, sustatzen dituzten jarduerak nabarmenak direlako eta ematen dituzten zerbitzuak jende askorentzat direlako.
Erretiratuen elkarteak
Auzo guztietan dauden erretiratuen etxeak kudeatzen dituzte. Udalak lokalak lagatzen dizkie, lokalak egokitzeaz eta mantentzeaz arduratzen da, eta oinarrizko zerbitzuen gastu guztiak estaltzen ditu, hala nola garbiketa, berokuntza edo segurtasuna. Gainera, bazkideek urtero planifikatzen dituzten jarduerak diruz laguntzen ditu, % 40tik % 100era bitarteko laguntzekin.
Lagunet Donostiako Adineko Erretiratuen Elkarteen sareko gune digitala da, eta bertan partekatu eta ikusarazten dute nor diren, zer eskaintzen duten eta nola egiten duten modu adiskidetsuan, hurbilean eta funtzionalean.