Ogi-apurra

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

29. Ignacio Zuloaga

San Prudentzio 174-176
  • Urtea: 1911
  • Jabea: Enrique Suárez Rezola
  • Sustatzailea: Familia Guiu
  • Lan-maisua: Domingo Eceiza
  • Egilea: T. Altuna

 

 

 

Ignacio Zuloaga, margolaria, *1870 Eibar (Gipuzkoa) +1945 Madril, urriaren 31n hil zen, Madrilgo Gabriel Miró kalean zuen lantokian. Bularreko angina baten ondorioz hil omen zen. Gaitz harengatik, Gregorio Marañón medikuarengana joan zen, eta harekin solasaldi luzeak izan zituen.

Haren obra asko argitara eman ziren toki hartan ezarri zuten hil-kapera. Handik igaro ziren kultura eta politikako hainbat eta hainbat pertsona ospetsu, eta haiekin batera, Valentina de Thomas emaztea, Lucia alaba eta Enrique Suárez Rezola suhia. Haren oroimeneko mezan, lagunek jaitsi zuten hilkutxa bizkarrean: Domingo Ortega eta ‘Albaicín' toreroek (azkena Ignacioren seme besoetakoa zen), Díaz-Cañabete idazle kostunbrista eta zezenketa-kritikariak eta Juan Cristóbal eskultoreak. Gurdi bat zegoen hilkutxaren zain, lorez eginiko koroez gainezka. Hiletara joandakoak Almudenako zabalgunera joan ziren, eta hantxe eman zioten azken agurra artistari. Gurdiak, atzetik familia eta lagunen gurdiak zeuzkala, Donostiarako bidea hartu zuen. Gipuzkoako mugan Foru Aldundiko ordezkariak zeuden zain, Ignacioren seme Antonio, Parisetik iritsi berria, eta bestelako agintariak ere bai. Foru Aldundiko Jauregian dena prest zegoen, Ohorezko Patioan, Gipuzkoako seme entzutetsuaren hil-kapera jartzeko, eta uneoro egon zen jendea han. Hurrengo egunean, azaroaren 2an, Santa Maria elizan hileta egin ondoren, hiletara joandako jendetza Probintzia Jauregira bidean jarri zen, eta kaperan errespontsua otoiztu zuten. Amaitutakoan, hilkutxa gurdira eraman zuten, hainbat lagunen artean bizkarrean hartuta: José María Donostyk eta Martiarena, Guardamino eta Fernández de Pasajes margolariek. Segizioak Txurruka kalean gora egin zuen Askatasunaren Hiribiderantz, eta Santa Katalina zubian eman zioten agurra. Handik aurrera, familiak eta hurbilekoek bakarrik lagundu zioten hildakoari Polloeko hilerrira, eta han ehortzi zuten.

Ignacio Zuloagak, bizirik zegoenean, Madrilgo "Gizon entzutetsuen" panteoian ehorzteko eskaintza jaso zuen, baina berak aberrira itzuli nahi izan zuen, eta familiaren hilobira.

Hil zenean, Manolete toreroaren erretratua egiten ari zen. Ortega y Gassetentzat egin zuen azken marrazkia. Juan Cristóbal eskultorea margolariaren aurpegi-moldea amaitzen ari zen, eta eskuineko eskuaren hustuketa. Madrilgo Plaza de las Visitillas-en dagoen eskultura, Zuloagaren lantokiaren ondoan dagoena, 1946-1947 artean egin zuen artista bikain hark.

Baliteke Ignaciok heriotza gertu zuela hauteman izana; izan ere, hil baino hamar egun lehenago, urriaren 21ean, omenaldi hunkigarria egin zion Pablo Uranga lagun min eta margolariari. Hainbat aldiz atzeratu zuen kontua zen. Elgetan gertatu zen, eta bion laguna zen Paco Durrio eskultorea izan zen haiekin. Hirurak elkarrekin egon ziren Parisen.

Bizitzan zein heriotzan, Zuloaga beti egon zen lagun artean, eta lagun haiek haren bizitzan tokia hartu zuten pixkanaka. Haren ‘Mis Amigos' obra (1920-1936), ‘98ko belaunaldiaren familiako erretratu' gisa hartu ohi dena, horren erakusgarri da. Ikatz-ziriz eta olioz egindako marrazkia da, ‘inoiz bukatu gabea', eta hemen aipatutako pertsona asko ikus daitezke bertan. Zumaian duen Santiago-Etxea museo eta etxea, bere garaian, artista eta solaskideen topaleku izan zen.

Zuloaga familiako hiru belaunaldi nabarmendu dira: Eusebiok damaskinatuaren artea berreskuratu zuen; haren semeak, Daniel margolari eta zeramistak, haren eraberritzea bultzatu zuen, eta eta Plácidok damaskinatuaren artea ikertu, aztertu eta berriztatu zuen ─harena da Reus-eko Prim Generalaren Mausoleoa─. Azkenik, Plácidoren seme Ignacio margolari kostunbrista eta erretratu-egilea izan zen.

Azaroaren 1ean, New York eta Lisboako prentsan hunkiduraz iragarri zuten margolariaren heriotza.

Donostiako Zuloaga Plazan ikus dezakegu Julio Beobide eskultoreak, hots, 'Mis Amigos' lanean agertzen direnetako batek, Ignacio Zuloagari 1938an egindako bustoa.

 

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea