Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

23. Francisco Grandmontagne

Santa Klara 220-222

98ko Belaunaldiko idazle izan zen. Haren aita, Javier de Grangmontagne, lan bila muga zeharkatu zuen erremintari frantziar bat izan zen. Benita Otaeguirekin ezkondu zen eta Burgosera alde egin zuen lan-kontuengatik. Hamabi urterekin, Francisco Hondarribira bidali zuten, amaren aldeko osaba Claudio Otaeguiren etxera. Pertsona jantzia zen, eta onura handia egin zion Franciscoren trebakuntza intelektualari.

Hogeita bat urterekin Argentinara emigratu zuen. Han nekazaritzan jardun zuen lanean. Denborarekin kazetari bihurtu zen, izugarrizko bokazioa baitzuen; are gehiago, José Rufo Uriarterekin batera, La Vasconia aldizkaria sortu eta zuzentzera iritsi zen. Aldizkari hura Buenos Airesen argitaratzen zen, baina Argentina, Uruguay, Paraguay edo Txilen bizi ziren euskaldun emigranteen etxeetara hedatu zen, eta Euskal Herrira ere iritsi zen. Luis Jaizquibel ezizenarekin sinatzen zuen.  La Vasconia aldizkarian lan egiten zuen bitartean beste hainbat egunkarirekin kolaboratzen zuen; besteak beste El Tiempo edo Caras y Caretas aldizkariarekin. Ipuinak, saiakerak eta eleberriak idatzi zituen.  Teodoro Foronda izan zuen lehen eleberria, 1896-1897koa, eta haren ondotik La Maldonada iritsi zen, 1898an. Salamancako Unibertsitateko errektore Miguel de Unamunorekin harreman epistolar handia izan zuen, eta haren lana sustatu zuen Argentinatik. Gerora, José Ignacio Tellechea historialariak argitara emango zituen haien arteko gutunak. Kazetari gisa egindako ibilbidean, berrehun biografiatik gora egin zituen; idazle, artista, erlijiotsu, abenturazale eta abarrenak. Haietako asko, pertsonaia garrantzitsuak izateaz gain, euskal emigranteen seme-alabak ziren. Euskaldunen pertseberantzia eta ahaleginerako gaitasuna goraipatu zituen bere obran.

Espainiara itzuli zenean, lehenbizi Madrilen jarri zen bizitzen, eta gerora Donostiara aldatu zen; han ere, hainbat egunkarirekin kolaboratu zuen.

Ideologiaz errepublikazale eta liberala bazen ere, begi onez ikusi zuen, eta itxaropenez ere bai, Primo de Riveraren diktadura. Jarrera hark Miguel de Unamunorekiko adiskidetasuna hautsi zuen.

Grandmontagneren panteoian brontzezko plaka bat dago, hiru hamarkada baino gehiagoan berriemaile gisa lan egin zuen Argentinako egunkariko lankide eta lagunek bidalia

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea