Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

13. Brunet kapera

San Sebastián 29-33
  • Urtea: 1884
  • Jabea: José y Francisco Brunet Segura
  • Sustatzailea: Pablo Brunet Birmingham
  • Estilo arkitektonikoa: Eclecticismo

Eklektizismoa Kaperaren titulartasuna nabarmendu nahi izan da argi eta garbi, eta José eta Francisco arbasoak omendu nahi izan dira; izan ere, arbaso haiek ongi finkatutako negozio-sare bat sortu zuten, beren gaitasun eta lanari esker. Hizkien kaligrafia ikusita, azoketan kanbio-letrak nola hasi ziren etortzen zaigu gogora, eta horrek, nola ez, bi anaiek banketxeetan egindako ibilbideari erreferentzia argia egiten dio.

Brunet familia Ama Birjina Errukizkoaren babespean jarri zen; harexen irudia dago, hain justu ere, multzo osoaren buru.

Brunet anaiak merkatari kataluniar aberatsen familia batetik datoz. XVIII. mendeko azken urteetan agertu ziren Donostian, eta banketxeen negozioan eta koloniekiko merkataritzan jardun zuten. Ordurako, familiak negozio-sare sendoa zuen Gaztelan eta Andaluzian. Donostiako itsas azpiegiturak baliatuz, Ingalaterrara eta Europa iparraldera hedatu ziren. Haietako bik ─haien izenak hileta-kaperaren sarreran dagoen arkuan agertzen dira─, José eta Francisco Brunet Segurak, Euskal Herriko saltokirik antzinakoenetakoa sortu zuten 1801ean, gerora (1901etik aurrera) ‘Brunet y cía' izenez ezagutuko zena. Haien banketxeak Espainiako portu garrantzitsu ia guztietan lan egiten zuen, Europako plazarik garrantzitsuenetan eta, nola ez, itsasoz haraindikoetan. Haien joera politikoa argia zen: liberalismoa. 1823an, José Brunet alkate izan zen; une hartan, hain zuzen ere, Espainiako lehen saiakera liberala zapuztuko zuten San Luisen ehun mila semeak iristear ziren, eta hirian gelditu ziren azken 200 donostiarren alkate izan zen Brunet.

Aduanak behin betiko Ebrotik Irunera aldatu zituztenean, 1841ean, aberastasun-garai bat iritsi zen, baina ordurako, Brunet familiaren hurrengo belaunaldiak zuen ardura. Francisco 1838an hil zen, José 1844an, eta haren semea, José Manuel Brunet Prat (*1806 Donostia +1892 Donostia), mende erdiz, funtsezko pertsona izan zen enpresarako. Artean ere, enpresa familiarena zen, Brunet Fernández de Arroiabe eta Brunet Prat lehengusuen esku baitzegoen, eta haien ondorengoen esku. Gipuzkoan sortzen ari zen industrian txertatzen hasi ziren: papergintzan, metalurgian, ehungintza-sektorean eta higiezinen negozioan. Negozio jakin batzuetarako beste enpresari batzuekin batu ziren, baina sozietatearen muinak, hau da, Brunet Bankuak eta Lasarte-Oriako Kotoi-lantegiak familiaren esku egoten jarraitu zuten.

Guillermo Brunet Bingley biloba Gran Casino Sozietatearen sortzaileetako bat eta haren lehen presidentea izan zen. Haiek ordaindu zuten eraikina ere, gaur egun udaletxea dena. Donostiako Sustapena Sozietatea ere bultzatu zuen, eta haren ekimenez eraiki ziren gero Maria Cristina Hotela eta Victoria Eugenia Antzokia. Maria Cristina erreginak eman zion Gillermo Bruneti izendapen horietarako baimena.Familiaren zentzu hori adierazten du, oraindik ere, kaperak; arbelean idatzita, zerrenda luzeak daude, bertan ehortzita dauden familiako kideen izenekin, berrogeita hamazazpi guztira. Hemen eta Polloeko beste hilobiren batean abizenei erreparatuta, ikus daiteke pixkanaka familia handiek bat egiten dutela: Brunet Prat familiak Etxague Bermingham etxekoekin bat egin zuen, Gaytán de Ayala-tarrak ere agertu ziren, eta Churruca, Egoskozabal edo Goitia familiak ere bai.

 

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea