Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

01. Polloe plazatxoa

Plazoleta Polloe
  • Urtea: 1879-1905
  • Arkitektoa: José de Goicoa
  • Eskultorea: Jacinto Mateu

José de Goicoa arkitektoak, Alde Zaharrean zuen bulegotik eta udalean zuen kabinetetik, jo eta su ekin zion bere jaioterri zen hiriaren antolakuntza eta hirigintza-garapena bultzatzeari.  

Madrilen eskuratu zuen arkitekto titulua 1869an, eta udal arkitekto laguntzaile izateko lanpostu hutsa beretzat eskatu zuen 1870eko maiatzean. Lanpostu haren jabe izan zen 1897tik 1909an erretiratu zen arte. 1911n hil zen.

1888an Bartzelonan egin zen Erakusketa Unibertsalean, Goikoak saria jaso zuen Donostiako Udalaren izenean, udal hura hirigintza-garapenaren alorrean egiten ari zen lan itzelagatik.  Garai hartarako, ibilbide honetan sartzen diren monumentu batzuk eraikita zeuden, eta kapera eraikitzen amaitzen ari ziren.

Itxitura-harresia Elorrioko Francisco Eguren Muguruza harginak egin zuen. Donostian bizi zen 1867tik, eta Polloetik gertu zuen hargintza-biltegia. Polloen altxatu ziren hileta-monumentuetako asko haren tailerretik atera ziren. 1903an hil zenean, haren emaztea egin zen negozioaren buru, eta gerora, Bonifacio Eguren Gárate semeak hartu zuen ardura. 1932an hil zen.

Itxitura-harresi nagusiak gorputz bakarra du, eta kapera gorputz horren parte da; kapera hori erdiguneko posizioan dago, eta mediana gisa, eraikin batzuk ditu alboetan. Eraikin haietan zeuden hilerriak bete behar zuen eginkizunerako beharrezko espazioak: Proiektuaren arabera, beheko solairuetan autopsia-gelak eta behaketarako biltegia jartzeko asmoa zegoen, eta goiko solairuetan biziko ziren parrokoa eta zaindariak.

Hilerrira sartzeko, puntu erdiko bi arku zeharkatu behar ziren, ezkerraldean, edo sarrerako arkua pasatu San Bizente kalera iristeko; halaber, eskuinean, San Sebastián  Kalera sartzeko arkua zegoen. Bi santoral horietan hiriko parrokiarik zaharrena agertzen da, eta hiriko patroia.  San Bizente arkuaren ezkerrean dagoen eraikina 1886an eraiki zuten, eta hara eraman zuten autopsia-gela, hileta-biltegia eta medikuaren gela; beraz, denbora gutxi eman zuten lehenagoko tokian. Gaur egun ikusten dugun eraikuntza 1905eko erreformaren emaitza da. Aurrealde nagusiaren gainean Omega ikurrak bere destinoari buruz hitz egiten digu.

Kaperara sartzeko arkuaren tinpanoak eta hilerrira sartzeko arkuetako tinpanoek barruko espazioarekin bat datozen ikonoak dauzkate. Udalak Jacinto Mateu eskultore mallorcarrari eman zion taila zuzentzeko enkargua. Mateu 1873an iritsi zen Donostiara, eta 1888an Arteen eta Ofizioen Eskolako irakasle izendatu zuten, Huste, Modelatze eta Taila ikasgairako.

1894ean kapilauaren kargua sortzen da eta hurrengo urtean bere etxebizitza eraikitzen da, San Sebastian arkuaren eskubira.

Kaperaren kanpoaldera eraman zen eukaristia-egintza gogora ekartzeko irudia: Pazko Bildotsa sakrifikatu egin behar da ─Kristo─, eta horregatik, galburuez eta mahats-mordoz inguratzen da, haren gorputz eta odola adierazteko. Azken erreferentzia hori berriro agertzen da hilerrira sartzeko arkuen frontoietan, zain gauden bitartean lagunduko gaituzten elementuekin lotuta: Alderantziz dagoen argi-zuziak ilunpeetako mundua argiztatzen digu eta koroa, barnean ernamuintzen den fruitu itxi batez egina, itxaropenaren irudi da; denbora horretan zehar, itxaropen hori Berpizkundean gauzatzen da.  Itxaroten dugun uneak iritsi behar du, eta horixe adierazten digu hil-oihalak, gorputzarengandik aske dagoela.

Estilo erromaniko bakuna baliatu da kaperara sartzeko arkua apaintzeko, lehen kristauen ikonografiarekin lotuta. Bi sarreretan igoera-sentipena eman nahi izan da, berpizkundearen ideiaren pareko zerbait.

Harresi nagusi horrekiko angeluan, katoliko ez direnen hilerrirako sarrera dago. Haren atarirako, arte klasikoaren zorroztasuna baliatu da.

1882an, hilerrira sartzeko arkuetan Agustin Iturriaga presbitero ospetsu eta euskal idazleak Hernaniko antzinako hilerrian zizelkarazi zuen inskripzioa jar zedin proposatu zuen Lore Jokoen udalbatzak.  Honaino datozen guztiei gogoeta egitera deitzen dien Memento Mori bat da ("Laster esango da zuengatik, esaten oi dana orain gugatik: ¡¡Ill ziran!!").

Gaur egun Polloeko hilerrian zipres altuak daude, baina hasieran ez zuen itxura bera. Proiektuan banana-zuhaitz moduko bat jartzea erabaki zen, Boulevard-eko Zumardian aurki dezakegun zuhaitz mota bera, hain zuzen ere. Izan ere, arestian aipatu dugun moduan, Polloe "era modernoan egindako hilerria" zen. 1896ko azaroaren 25ean Udalak zuhaitz-espezie hori ordezkatu eta zipresak jartzea erabaki zuen, zuhaitz haiek hilobi asko kaltetzen ari baitziren. El Fuerista egunkariak pozez hartu zuen berria, zipresak "…toki hartarako egokiago" zirela esanez. Hala eta guztiz ere, XX. mendeko lehen urteetara arte ez zituzten zuhaitzak aldatu.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea