Ezkerreko Bannerrak

KLIMA DSS 2050 - Donostia klimaren alde ITSASOS - Itsasoak zure laguntza behar du JOKO GARBIA - Hondakinak eta kudeaketari buruzko informazioa BARAZTE PUBLIKOAK - Autokontsumo ekologikoa DONOSTIATRUK - Donostiako Udalak antolatzen duen bigarren eskuko azoka ARTIKUTZA - Artikutza, Bioaniztasunaren altxorra

DONOSTIATRUK: Parte-hartze arauak

DONOSTIATRUK - Bigarren eskuko azoka | Feria de segunda mano

Bigarren eskuko merkatuak: DONOSTIATRUK

DonostiaTruk-en helburu nagusiak hauek dira: erabilitako objektuen berrerabilera sustatzea, bigarren eskuko azokak duintzea, kontsumo arduratsuagoa eta lankidetzazkoa bultzatzea, eta ahalik eta pertsona gehienei esperientzia honetan parte hartzeko aukera ematea.

Salmenta edo truke postuak honako hauek jar ditzakete: partikularrek, elkarteek, Donostian erregistratutako herri entitateek, edo ikastetxeek (guztiak irabazi asmorik gabekoak).

Partikularrek ezin izango dute parte hartu azokaren batean (abenduko “azoka berezi solidarioa”), baina gordailuan saltzeko zerbitzura objektuak eraman ahal izango dituzte. Azoka berezi horretako partaideak izango dira elkarteetako, Donostian erregistratutako herri entitateetako eta ikastetxeetako pertsonak.

Donostian erroldatutakoek lehentasuna izango dute beste udalerri batzuetakoen aurrean, tokian tokiko produktuen berrerabilera sustatzeko.

 

Gordailu-salmenta zerbitzua:

Antolatzaileak bigarren eskuko objektuak utzi eta saltzeko duen salmenta-gunean EZ da arroparik, zapatarik ezta tamaina handiko objekturik ere hartuko. Objektuak utzi ahal izango dira, hala nola liburuak, musika eta filmak (diskoak, CDak, DVDak...), kirol-artikuluak, dekorazio-objektuak eta tamaina txikiko etxeko tresnak.

Pertsona bakoitzeko 5 objektu jasoko dira gehienez, liburuak, DVDak edo antzekoak izan ezik. Objektuek egoera onean egon beharko dute.

Azokaren egunean bertan gerturatu behar da gordailu-salmentako mahaira, parte hartzeko idatzia jasotzera. Objektuak 9:30etik 10:00etara eraman beharko dira, eta dirua edo/eta saldu gabeko objektuak jasotzera 14:00etan.

Azokan salmenta postua duten pertsonek eta haien laguntzaileek ezin izango dute gordailuko salmentan parte hartu.

Antolatzaileak ez du bere gain hartuko utzitako objektuetan gerta daitezkeen galera edo kalteak.


Nahitaez bete beharreko arauak:

• Salmenta edo truke postu batean parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta azoka bakoitzerako baieztapena jaso. Izena emateko bi bide daude: 943483390 telefonora deitzea edo webgune honetan dagoen eskaera-orria betetzea.

• Azokan 16 urtetik gorako pertsonek parte har dezakete. Adingabeen kasuan, baimena aurkeztu beharko dute.

• Partikularrek gehienez 3 azokatan parte hartu ahal izango dute urtean zehar, eta ezin izango dute abenduko “azoka berezi solidarioan” parte hartu.

• Elkarteek, Donostian erregistratutako herri entitateek eta ikastetxeek ere gehienez 3 azokatan parte hartu ahal izango dute urtean zehar, eta parte hartuko duten 3 hilabeteak aukeratu ahal izango dituzte. Horretarako, dauden postuen % 15 gordeko dira, eta gainerako % 85a partikularrentzat izango da. Eskaera gehiago jasoz gero, zozketa bidez banatuko dira.

• Etxebizitza bakoitzeko pertsona bakar batek eman dezake izena.

• Izena emateko eta baieztatzeko epeak: Azoka bakoitzean izena emateko epea zabalik egongo da astebete lehenago arte (ostiraleko 14:00ak arte telefonoz eta igandeko 00:00ak arte Internet bidez). Merkatua egingo den asteko asteazkenean, izena emandako pertsona guztiei jakinaraziko zaie lekua baduten ala ez .

• Salmenta-postuan lekua egokitu zaion pertsonak berak egon beharko du, parte hartzeko eskaera egin ohi duen beste inorekin partekatu gabe.

• Parte-hartzaile bakoitzari mahai bat jarriko zaio. Azalera hori eta mahai azpian gelditzen dena bakarrik erabili ahal izango ditu. Horrez gain, parte-hartzaile bakoitzak esekileku bakar bat eraman ahal izango du soilik, eta ipiniko du aldamenekoari traba egiten ez dion eta pasabidea oztopatzen ez duen lekuan.

• Partaideen harrera 9:00etatik 10:00etara egingo da. Postua esleitua duten guztiak merkatuaren arduradunarengana joango dira identifikatzeko (NAN erakutsi beharko dute) eta arauen onespen-orria sinatzeko. Hark esango dio bakoitzari zein leku hartu behar duen. Era berean, NAN kopia utziko dio (behin bakarrik).

• 14:00etan azoka amaituko da eta gauzak jasotzen hasi beharko da.

• Ezingo da azokako tokian utzi ez gauzarik ez hondakinik. Partaide guztiek aktiboki lagunduko dute eremua garbi uzteko lanetan.

• Salmenta, truke edo gordailurako eramaten diren gauza guztiak egoera onean egongo dira eta legezko jatorrikoak izango dira.

• Ezingo dira eraman gauza berriak, stock-ekoak, salmentarako sortutako eskulanak, ezta edariak edo janariak ere.

• Salmenta-postuetan parte hartzea doakoa da.

• Antolakuntzak eskubidea izango du arauak betetzen ez dituztenei edo antolakuntzako oharrak jarraitzen ez dituztenei zehapenak ezartzeko, hurrengo merkatuetako parte hartzea ukatuz. Bereziki, ondorengoei arreta berezia jarriko zaie: postua eskatzaileak betetzea, etxebizitza bakoitzetik eskaera bat baino gehiago ez egotea, objektu berriak salgai ez jartzea, aurkeztutako objektuak eta aurkezpen-modua, ordutegia errespetatzea, erabilitako lekuaren garbitasuna, emandako datuak egiazkoak izatea... Era berean, zigortu egingo da postua eman, baina eskatzailea azokara joaten ez den kasuan. (Denboraldi horretatik geratzen den denboran eta hurrengo urtean zehar). Eskatzaileak, bertaratzeko aukerarik ez badu, salmenta-postuen banaketari egin baino lehen, baja jakinaraziko du eta eskaera bertan behera uzteko eskatuko du. Birsalmenta ere ezingo da egin, eta hori ere zigortu egingo da.

• Donostian erregistratutako herritarren elkarte eta erakundeek euren estatutuen kopia bat aurkeztu beharko dute. Azokaren egunean partaide guztiek NANa erakutsiko dute euren buruak identifikatzeko.

• Elkartasunezko azoka berezian salmenta-postu guztiak Donostian erregistratutako elkarteek, herritarren erakundeek edo ikastetxeek beteko dituzte (guztiak irabazi-asmorik gabekoak). Azoka horretan bakarrik onartuko dira parte hartzen duten taldeetako kideek hondakinez egindako eskulanak.

• Antolakuntzak ezin die parte-hartzaileei ibilgailuak uzteko lekurik eskaini eta ez du inolako ardurarik izango haiek egin ditzaketen arau-hausteen aurrean.

• Azokaren antolatzaileek emandako jarraibideak bete beharko dira une oro.

• Halaber, nahitaez bete beharreko osasun-prebentzioko berariazko neurriak hartuko dira, eta partaide guztiei jakinaraziko zaizkie.

 

Informazioa eta erreserbak:

Telefonoa: 943 483390