Breadcrumb
Artikutza-Bisita gidatuak
Bisita gidatuak
- Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan daude bisitaldi horiek. Udalak enpresa bat kontratatu du, gidari lanak egiteko.
Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen-emate online formularioren bitartez edo beste bide hauen bitartez:
artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 679 613 016 (astelehenetik ostegunera, 11:00tik 16:00ra)
Bisita gidatu programatuak
Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke. Hemen agertzen den programazioa hilean behin eguneratzen da.
TARIFAK:
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.
Bertan ordaintzen da, eskudirutan.
PROGRAMAZIOA:
1. Ugaldeko presa
- Data: urtarrilak 18
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 6 km inguru
- Desnibela: laua
- Zailtasuna: erraza
Azalpenak:
Artikutza uraren sinonimoa da, eta oraingo honetan uraren hornidurarekin lotutako azpiegitura zaharrenetako bat bisitatzea proposatzen dugu.
Ibilbide laua eta erosoa da. Artikutzan hasiko gara, ibaiaren ibilguari jarraituz. Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiliko gara, eta funtzio horrekin lotutako hainbat instalazio ikusiko ditugu. Ugaldeko presan Añarbe ibaia gurutzatuko dugu beste ertzetik itzultzeko.
2. Bianditzeko gaina eta tunela
- Data: urtarrilak 25
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 7 km inguru
- Desnibela: 360 m
- Zailtasuna: ertaina
Azalpenak:
Eskasetik abiatu eta Napar Bidean zehar, Burnaiztegiko lepora iritsiko gara; hortik, eta Lesaka eta Artikutza elkartzen dituen muga jarraituz, Galtzarrietako gaina gainditu eta berehala, Irumugarrietara iritsiko gara, Oiartzun, Lesaka eta Goizueta (Artikutza) lotzen dituen puntura. Igoera txiki bat besterik ez da geratzen Bianditzeko gailurrera iristeko. Eguraldiak laguntzen badu, ikuspegi paregabea izango dugu gure aurrean: iparraldera euskal kostaldea, Lapurditik Bizkairaino; hegoaldera Artikutzako basoak eta Nafarroako mendialdea Pirinioetaraino.
Geroago, errepidera jaitsi eta Artikutza eta Pasaia lotzen zituen trenbidea hartuko dugu, eta Bianditzeko tunela zeharkatuko dugu azkenik Eskasera itzultzeko.
Ohar orokorrak:
- Irteerak 9:00etan hasiko dira.
- Ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.
- Nahiz eta ibilbideek zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, eta horrez gain jateko zerbait ere bai.
Aholkuak:
- Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
- Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
- Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.
- Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
- Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
- Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
- Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
- Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.
Neurrira antolaturiko bisitaldiak
Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.
Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.
TARIFAK:
15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
15. pertsonatik gora:
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.



