Breadcrumb

Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Informazio orokorra eta sarbidea

Informazio orokorra eta sarbidea

Artikutza Goizuetako udalerrian dago, Nafarroan. 3.700 ha ditu, eta 30 km-ko perimetroa, gutxi gorabehera. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta eta Beintza-Labaien ditu mugakide.

Mendi zirku batek inguratzen du, eta hauek dira tontor nagusiak: Bianditz (841 m), Izu (829 m), Arainburu (1.054 m), Loitzate (1.046 m) eta Altueta (654 m).

Erroiarri, Enobieta, Urdallu eta Elama arro nagusietarantz doazen errekasto ugari dago, eta guztien artean Añarbe erreka sortzen dute. Erreka horrek Berdabiotik, barrutiko kota txikienetik uzten du Artikutza.

 

Artikutzaren mapaArtikutza kokapenaren mapa

Artikutzako mapak: egin ezazu klik irudi bakoitzaren gainean handiago ikusteko edo PDFa eskuratu

 

Nola iritsi

Errepidez sarrera bakarra du: Oiartzundik (Gipuzkoa) irteten den Gi-3631 errepidea, hain zuzen ere. 15 km-ren ondoren, Bianditzeko mendatea igaro ostean, Artikutzako atezaindegira iristen da (Eskas).

Oinezkoentzat sarrera libre da, eta atezaindegiko aparkalekuan utz daiteke autoa. Bizikletentzat ere sarrera libre da, baina zirkulazioa bide batzuetara mugatzen da. Esteka honetan ikus daiteke bizikletaz ibiltzeko baimendutako pisten sarea.

Artikutzako herrixkaraino motordun ibilgailuan joan nahi izanez gero —sei kilometro aurrerago dago—, baimen bat izan behar da, Eskasen basozainari eraskusteko. Baimena eskatzeko: Donostiako Udaleko Udalinfo informazio zerbitzua, 943 48 10 00 edo, Donostiatik bertatik hots eginez gero, edo 010 telefono zenbakia, edo ondoko estekan.

Goizuetatik autoz Labetaraino sar daiteke, pista batez, eta aldez aurretik baimena eskatuta. Puntu horretan elkartzen dira sarrerako pista eta Elama ibaia, eta bertan autoa aparkatzeko aparkaleku txiki bat dago. Bertatik hainbat bidezidor abiatzen dira, Elamaren Ibai Erreserba Naturala, Elama eta Goizarin burdinolen hondakinak edo burdinoletarako burdin minerala ateratzeko meategien eremua bisitatzeko. Kontuan hartu behar da sarrera honetatik ezin dela autoz iritsi Artikutzako herrixkaraino. Goizuetatik sartzeko baimena eskatzeko honako helbide elektronikora idatzi behar da: ingurumena@donostia.eus, edo, bestela, 943 48 33 90 telefonora deitu, astelehenetik ostiralera eta bulego ordutegian (9etatik 14etara), eta gutxienez 3 egun lehenago eskatu behar da. 

Zubieta, Arantza edo Lesaka herrietatik ere badaude Artikutzara joateko mendiko bidezidorrak, antzeko tarte batera (10 bat km).

ESKAS atezaindegia eta aparkalekua
ESKAS atezaindegia eta aparkalekua

 

Argibide gehiago edo baimen bereziren bat behar izanez gero: deitu telefono hauetara 948 39 70 36 edo 669 472 805 edo web orrian begiratu.

Artikutzako auzoa
Artikutzako auzoa