2012-2015 Hiritar galdeketen araudia: prozesuaren Ibilbidea



2012-2015 urteen artean partaidetza prozesu zabal bat garatu zen Donostiako Udalean hiritar kontsultak egiteko bideak zehazteko.

2015eko apirilaren 30ean, Donostiako Udalaren Osoko Bilkuran talde politiko guztiek aho batez onartu zuten Hiritar Kontsulten Erregelamendua.

Ekainaren 19an Estatuko Abokatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salara bidalitako idatzian eskatu zuen bertan behera uztea Erreglamendua.

Urte bereko urriaren 30ean, herritar talde batek kontsulta bat egiteko eskaria egin zuen, Udalak, bere baliabideak zezenketak egiteko erabiltzeari buruzkoa: udalak eskararen tramitazioa egin zuen, 2016ko martxoan ekimeneko kideek jasotako 10.000 sinaduretatik 8.986 sinadura baliagarritzat hartu zituen eta kontsulta egiteko tramitazioarekin jarraitu zuen.

2016ko apirilaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Atalak baietsi egin zuen Estatuko Administrazio Orokorrak Donostiako Udalaren herri-kontsulten erregelamenduaren aurka jarritako errekurtsoa, eta Erreglamendua deuseztatu egin zuen, zuzenbidearekin bat ez zetorrela kontuan hartuta, maila handiagoko xedapenak urratzeagatik.

Udalak Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarri zuen.

Bien bitartean, zezenketak egiteko Udal baliabideak erabiltzeari buruzko kontsulta eskaerak beharrezko baldintzak beteta iritzita, udalak 2017ko otsailaren 19rako deitu zuen galdeketa.

2016ko irailean, Estatuko Abokatuak kontsulta bertan behera uzteko eskatu zuen, eta Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak kontsulta bertan behera utzi zuen kautelaz.

2019ko urriaren 23an, Auzitegi Gorenak erabaki zuen ez onartzea Donostiako Udalak jarritako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka.

Ondorioz Hiritar Kontsulten Erregelamendua bertan behera geratu zen eta ezin izan zen burutu zezenketak egiteko Udal baliabideak erabiltzeari buruzko kontsulta.

Bien bitartean, auzitegietan sortutako egoera kontutan hartuta, 2016 urtean zehar Udalak beste araudi berri baten lanketa burutu zuen eta Donostiako Udalbatzak 2017ko urtarrilaren 26an egindako osoko bilkuran behin betiko onarpena eman zion Herri kontsulten erregelamenduari eta hau da gaur egun indarrean dagoena.

Hauxe izan zen 2012 eta 2015 urteen artean Hiritar Kontsulten Erregelamendua egiteko partaidetza-prozesua


  • 2012ko azaroa, Montevideo, Uruguai: Donostia Demokrazia Zuzenaren Foro Globalean.

5 kontinentetako herrialde askoren Demokrazia Zuzeneko esperientziak eta sistemak ezagutu zituzten udal ordezkariek, eta Demokrazia Zuzena sustatzen duten nazioarteko erakundeekin harremanetan jarri ziren.
  • 2013ko urria, Donostia: Tokiko Esparruko Parte Hartze Zuzenari buruzko jardunaldiak

Donostian Parte hartze zuzenaren inguruko jardunaldiak - Jornadas sobre participación directa
Miramar Jauregian, Udalbatzako talde politikoetako, gizarte-erakundetako, unibertsitateko eta akademiako, udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako, fundazioetako, nazioarteko institutuetako eta auzo-elkarteetako ordezkariek eta hainbat pertsonak tokiko, Estatuko eta Europako esperientziak partekatu zituzten; horien artean, Demokrazi Zuzeneko Suitzako sistema. Bertan, Donostian Demokrazia Zuzenaren mekanismoak bultzatzeko eskaera nabarmendu zen.

Bi egunetan 150 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Jardunaldietan: gehienak herritar norbanakoak, baina baita 30 elkarteetako kide, 11auzo elkarte, EAJ/PNV,Bildu,PSE-EE,PP-ko kideak, gazteak, udal teknikariak...

Jaurdunaldietan egindako argazkiak


"Streaming" bidez jarraitu ahal izan ziren Jardunaldiak eta Miramarreko eztabaida Twitter bidez jarraitu eta ekarpenak egiteko aukera egon zen #partaidetzazuzena #participaciondirecta traolei esker.


  • 2014ko maiatza: Donostiako Udalak bisita ofiziala egin zuen Helvetiako Konfederazioara, Suitzara

2014ko Maiatzean Udaleko ordezkaritza batek Suitzan demokrazia zuzenaren prozesuak nola antolatzen eta garatzen diren bertatik bertara ikusi ahal izan zuen.  Udaleko BILDU, PSE-EE eta EAJko ordezkariek Berna, Luzerna eta beste hiri batzuk, eta Uri, Zurich eta beste kantoi batzuk bisitatu zituzten. Suitzako sistema politikoa ezagutu zuten, eta erakundeek, analista politikoek eta gizarte-erakundeek horri buruz zer iritzi duten ere, eta bertatik bertara bizi izan zuten erreferendum nazionaleko egun bat.

Gobernuko ordezkarien argazkia
 

  • 2014ko ekaina: Gizarte Eztabaidako Taldea

50 pertsonako talde anitz batek (elkarteetako kideak, hezkuntza eremukoak eta udaleko BILDU, PSE-EE, PP eta EAJko ordezkarien parte hartzearekin) kontsulta-sistema baten elementurik garrantzitsuenak definitu zituzten, eta horietan sakondu, Miramarren egindako 4 saiotan.


Jardunaldietan egindako argazkiak
 


Hausnarketa eta eztabaida sozialerako proposatu ziren gaiak hiru ataletan antolatu ziren.  

Lehendabiziko saioan Demokrazia Zuzeneko mekanismoak partaidetza ereduaren testuinguruan kokatu ziren; demokrazia zuzeneko mekanismoen zergatiak, aukerak, zailtasunak eta erronkak; esparru juridikoa; eta esperientziak. Bigarren saioan, berriz, sustapena eta bultzada, subjektuak eta gaiak izan ziren mahai gainean.  


Jardunaldietan egindako argazkiak
 


Hirugarren saioan informazio eta komunikazioa, lurraldetasuna, emaitzen kudeaketa, kudeaketa, kontrol eta jarraipen organoak, eta beharrezko baliabideakizan dira eztabaidagaiak . 4. saioan, prozeduraren atala legoke: galderen eta erantzunen definizioari buruzkoa, deialdiaren uneari buruzkoa, eta botazioari buruzkoa.  

Lan honen emaitza Demokrazia Zuzenari buruzko oinarrizko dokumentua izan zen, prentsaurrekoan aurkeztu zena 2014ko irailaren 27an.

Gizarte Eztabaida Taldearen ordezkarien argazkia


Urriaren 1ean Miramar Jauregian Jardunaldi bat egin zen dokumentua publikoki aurkezteko, galderak erantzun eta zalantzak argitzeko.


  • 2014ko iraila: Gizarte Kontrasteko Taldea

Gizarte Eztabaidako Taldearen harira sortu zen, eta 15 kidez osatu zen. Kontsulten eta Gobernuaren eta erakunde-eztabaidako mahaiaren ekintzaren jarraipenaren eredua zehaztea du zeregin.
  • 2014ko urria eta azaroa: Erakunde Eztabaidako Taldea

3 lan-saio egin ziren (urriaren 2an eta 17an, eta azaroaren 3an), eta hasiera batean Udalbatzako talde politiko guztiek parte hartu zuten. Nolanahi ere, ondoren, PPk parte hartzeari utzi zion. Aholkularitza juridikoarekin, talde politikoek eztabaidatu egin zuten, eta Gizarte Eztabaidako Taldeak proposatutako ereduari ekarpenak egin zizkioten.
  • 2014ko azaroaren 7a: Herri Galdeketen Erregelamendua

Gobernu Batzarrak Herri Galdeketen Erregelamendua onartu zuen, eta ondorioz, Parte Hartzeari buruzko Arau Organikoa aldatu, juridikoki beharrezko doikuntzak egiteko.
  • 2014ko abenduaren 1. : herritarrentzako batzar irekiak  Araudia aurkezteko
  • 2015eko urtarrilaren 29.: Udalbatzarrean talde guztiek aho batez eman diote Hasierako Onarpena Donostiako Hiritar Kontsulten Erreglamendu Proposamenari

Ordezkari politiko eta teknikoek Erreglamenduaren sorreran parte hartu duen hiritarrez osatutako kontraste taldearekin elkartu ziren otsailaren 2an, euren balorazio ezagutzeko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean otsailaren 2an Erreglamenduaren hasierako onarpenari buruzko iragarkia argitaratu eta gero, 30 laneguneko epean ireki zen herritarrek iradokizunak eta erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.

Alegazio epearen barne, herritar batek proposamena egin zuen Erreglamenduan txertatzeko sinadurak bitarteko elektronikoen bidez emateko aukera.

2015eko apirilaren 30ean, Donostiako Udalaren Osoko Bilkuran talde politiko guztiek aho batez onartu zuten Hiritar Kontsulten Erregelamendua, herritar horrek egindako proposamena barneratuta.



Consultas en Donostia - Reglamento consultas ciudadanas para Donostia - Construyendo Donostia con todas sus voces



Hasieran adierazi bezala, 2016ko apirilaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Atalak baietsi egin zuen Estatuko Administrazio Orokorrak Donostiako Udalaren Hiritar Kontsulten erregelamenduaren aurka jarritako errekurtsoa: ondorioz, araudia deuseztatu zuen, erabakiz zuzenbidearekin bat ez zetorrela maila handiagoko xedapenak urratzeagatik.

2019ko urriaren 23an, Auzitegi Gorenak erabaki zuen ez onartzea Donostiako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa.

Auzitegietan sortutako egoera kontutan hartuta, araudi berri baten lanketa burutu zen eta Donostiako Udalbatzak 2017ko urtarrilaren 26an egindako osoko bilkuran behin betiko onarpena eman zion Herri kontsulten erregelamenduari eta hau da gaur egun indarrean dagoena.