Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, jarraitzen du indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldiaren antolaketarekin. Aurtengoa VI. edizioa da.
Haur eta gazteen aurkako indarkeria matxistak: abusuak, indarkeria sexuala, sareetako indarkeria... hainbat toki eta modutan gertatzen dira. Horrek duen garrantziari eta ondorioei erreparatu nahi diogu, horretarako lehenengo urratsa gaia ezagutzea da, eta hartan sakontzea.
Gure jendartean, haur eta nerabeek jasaten duten indarkeria nabarmena da. Indarkeria beti existitu da, baina azken urteotan gai honen inguruko ikerketek eta argitalpenek lagundu egin dute arazoaren inguruko informazio gehiago izaten eta ikusarazten. Indarkeria matxistak modu psikologikoan, fisikoan eta sexualean gauzatzen dira; hala nola, bullying-a, sareen bidezko jazarpena eta baita haur eta nerabeen aurkako indarkeria/abusu sexuala ere.
Hau guztia kontuan hartuta, haur eta gazteek jasaten dituzten indarkerien aurrean eta ekar ditzakeen ondorioen aurrean kezka eta zalantzak sortzen zaizkigu. Haurrekin eta nerabeekin edota indarkeria matxistaren prebentzioan lan egiten dugunok hainbat galdera ditugu eta horiei erantzuten saiatuko gara.
Jardunaldian indarkeria matxistak eta haurrenganako abusuetan adituak izango ditugu; besteak beste, gai horiek guztiak lantzeko abokatuak, psikologoak, ikertzaileak eta aktibistak.
Hizlari hauek hartuko dute parte: Miren Ortubay Fuentes, Carmen de Manuel Vicente, Raquel Raposo Ojeda, Maitane Urizar Elorza, Ainhoa Azurmendi Echegaray, Miren Irune Muguruza Mendarte, Susanna Minguell, Maddi Ane Txoperena eta Eihera Kooperatibako kideak.
Zeinentzako?
Batik bat, haurrekin eta nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago; hala nola, haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak, baita berdintasun teknikari, gazteria teknikari, irakasle, hezitzaile eta beste hainbat profiletako eragileak ere. Horrez gain, kirol, kultur eta aisialdi esparruko eragileentzat ere egokia da. Hau da, haur eta nerabeekin kontaktua duen edozein eragilerentzat onuragarria izan daiteke.
Non eta noiz?
Urriaren 26an eta 27an Intxaurrondo Kultur Etxean (Felix Gabilondo plaza 1) izango da, goizeko 9:00etatik 14:00etara.
Zein da egitaraua?
Hasteko, Euskadin haur eta nerabeen aurkako indarkeriari aurre egiteko dugun marko juridikoa ezagutuko dugu. Eta ondoren, batez ere haurrenganako eta nerabeenganako sexu-abusuan jarriko dugu arreta, detekzioan eta erantzunean, hau da, ezagutuko dugu nola antzeman eta nola bideratu dezakegun erantzun egokiena.
Jardunaldiari hasiera emateko, dantza ikuskizun bat izango dugu, "Parabola Dans". Eta bere sortze prozesuaren inguruko azalpena ere entzuteko aukera izango dugu.
Jardunaldiaren 1. egunean,hiru hitzaldi izango ditugu.
Lehenengoa, Zuzenbidean eta indarkeria matxistan aditua den Miren Ortubay Fuentesek emango du: “La violencia machista hacia las y los menores. Una aproximación crítica al marco normativo". Haur eta gazteen indarkeriari aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan dugun araudia aztertuko dugu, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikotik abiatuta. Zergatik arau espezifiko horiek? Eta zer betebehar ezartzen dizkigute? Zertan inplikatzen gaituzte, zer betebehar ezartzen dizkigute? Nork ditu betebehar horiek?
Eta ondoren, batez ere, haurrenganako eta nerabeenganako sexu-abusuan jarriko dugu arreta. Gai horren bueltan zentratuko dira lehen eguneko bigarren eta hirugarren hitzaldiak.
Bigarren hitzaldia, Carmen de Manuel Vicentek emango du, Nola antzeman haur eta nerabeen aurkako sexu-abusua? Kontzeptua, adierazleak, prebalentzia, esku-hartzearen funtsezko ideiak, arrisku-faktoreak izenburupean. Psikologian lizentziaduna eta Psikologia klinikoan espezializatua da bera.
Eta hirugarrena, berriz, Raquel Raposo Ojedak emango du,Haurren eta nerabeen babesa: haurrek entzunak izateko duten eskubidea, etengabeko babesa eta errekuperaziorako etengabeko eskubidea. Psikologian lizentziaduna, sexologian aditua eta psikologia forentsean diplomaduna da, Haurren eta nerabeen sexu-biktimizazioaren susmoen balorazioan aditua.
Eta jardunaldiaren 2. egunean, hainbat eremutako esperientziak eta baliabideak ezagutzeko aukera izango dugu. Besteak beste:
- Haur eta nerabeen aurkako sexu abusuetan formazioaren garrantzia, Maitane Urizar Elorzaren eskutik (EHU).
- Kirol eremuetako esperientziak indarkeria sexualaren prebentzio eta detekzioan, Ainhoa Azurmendi Echegaray-en eskutik (Avento Aholkularitza).
- Etxepe berean – Barnahus ereduaren ezagutza, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako, Familia eta Haurren Saileko Zuzendaria den Miren Irune Muguruza Mendarte-k azalduta.
- Palabras dislocadas, Susanna Minguell-en eskutik. Implicaciones del discurso de la víctima en los abusos sexuales en la infancia.
Esperientzia hauek partekatu ondoren, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea izango dugu, Eihera Kooperatibako kideen laguntzarekin.