Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, jarraitzen du indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldiaren antolaketarekin.
2025ean, IX. edizioa egingo da, eta aukeratutako gaia ZIBER-INDARKERIA izango da.
2025eko jardunaldietan ziber-indarkeria landuko dugu.
Informazio eta Komunikazio Harremanetarako Teknologiek gizartea eraldatu dute. Hauek, eguneroko gure dinamikak, nortasunak eta harremanak gainditzen dituzte. Aro sozialdigitalean gaude, eta ziber-indarkeria matxisten aurrean, gero eta erronka eta galdera gehiago sortzen zaizkigu genero-joeren inguruan.
Laguntzen digute teknologia hauek? Zaurgarriago sentitzen gara? Indarkeria hauen aurrean laguntza sareak eta feministak sortzen ditugu?
Galdera horien erantzunak zaildu egiten dira nerabezaroan kokatzen baditugu, eta are gehiago haurtzaroan. Gaia korapilatzen da, hori guztia ikuspegi kritiko eta askotariko batetik aztertu nahi bada, intersekzionalitatetik, alegia.
Galdera eta planteamendu horiek guztiak abiapuntu hartuta, elkarrekin hausnartzeko eta elkar ulertzeko gune bat ireki nahi dugu. Lehenik eta behin, nerabezaroaren eta haurtzaroaren errealitate digitala ikuspegi anitz eta ez lausengarri batetik ulertzen lagun diezagukeen klabeak ezagutu nahi ditugu, gero, autozainketako eta erresistentzia digitaleko balizko jarraibideen inguruan eztabaidatu ahal izateko
Zein da egitaraua?
• Batetik, Jardunaldia izango dugu, urriaren 30ean, goizeko 9:00etatik 14:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Jardunaldi hauetan, nerabezaroaren eta haurtzaroaren errealitate digitala ikuspegi anitz eta ez lausengarri batetik ulertzen lagun diezaguketen klabeak ezagutuko ditugu, eta, autozainketako eta erresistentzia digitaleko balizko jarraibideen inguruan eztabaidatu ahal izango dugu.
Hizlari hauek hartuko dute parte: Elisa García-Mingo, Esti Linares, Sheila Melcon López, eta Ianire Estébanez.
Jardunaldiari hasiera Elisa García-Mingo-k emango dio, La manosfera y el movimiento incel: culturas machistas digitales actuales hitzaldiarekin.
Elisa García-Mingo Soziologiako irakaslea eta ikertzailea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Nerabeen eta gazteen arteko sexu-indarkeria digitalari buruzko DIVISAR proiektuko ikertzaile nagusia da, Zientzia Ministerioak finantzatua, eta UCM Kultura Digitala eta Gizarte Mugimenduak ikerketa-taldeko kide da. Bi liburu idatzi ditu, eta kapitulu eta artikulu ugari nazioarteko aldizkari akademikoetan.
Ondoren 2 hitzaldi izango ditugu:
Lehenengoa, Esti Linares-ek emango du: Ziber-indarkeria matxisten erresistentziak haurrengan.
Esti Linares Giza Eskubideen Programan doktorea da. Gizarte Lanean Graduatua, eta Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Masterra, Deustuko Unibertsitatean. Familian Esku Hartzeko eta Bitartekotzako Masterreko zuzendaria izan da, eta, gaur egun, Gizarte Laneko Graduaz eta Gizarte Hezkuntzako Gradu bikoitzaz arduratzen den irakaslea da, baita Unibertsitateko Sexu Indarkerietako Adituarena ere.
Era berean, Gizarte Balioen Deustu Taldeko ikertzailea da, eta bere ikerketa- eta lan-ildo nagusiak honako hauek dira: genero-sistemak, adingabeak eta bizitza birtuala. 10 urtez lan akademikoa eta ziber-indarkeria matxisten prebentzioan egindako lana nerabeekin eta gazteekin konbinatu ditu Sormena SL aholkularitza-enpresan, eta haren zuzendarikide izaten jarraitzen du.
Bigarren hitzaldia, Sheila Melcon López-ek emango du, Pantailen atzean, klik, ziber-indarkeria eta nerabeen erresistentzia izenburupean.
Sheila Melcon López Psikologa FEMINISTA da. Indarkeria matxistaren bizirauleekin egiten du lan, beren sufrimendu psikikoaren bidelagun gisa. Bere praktika feminista etengabeko errebisioan kokatzen da, begirada intersekzionalarekin eta genero-ikuspegia ardatz hartuta. Urteetako esperientzia du gazteekin tailerrak diseinatzen eta gidatzen, berdintasunaren, indarkeria matxistaren prebentzioaren eta sexualitatearen inguruan.
Gainera, hainbat proiektu sozialetan aritu da, bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin zein nazioarteko lankidetza eta sentsibilizazio ekimenetan Latinoamerikan. Egun gazteen errealitate digitalean murgilduta dabil.
Atsedenaren ondoren, Ianire Estébanez-en hitzaldia izango dugu, autozainketaren ingurukoa. Ante el machismo digital: autocuidado propio y colectivo.
Ianire psikologo feminista da. Indarkeria matxisten prebentzioan aditua. Indarkeriatik bizirik atera diren emakumeekin hasi zen lanean 2005ean, eremu psikosozialean, eta 2015etik psikoterapeuta gisa aritu da, Bilbon bere kontsulta propioan. Ziberaktibista aktiboa izan da, eta indarkeria psikologikoari, sexu-erasoei eta ziberindarkeriei buruzko hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du. Indarkeria prebenitzeko materialen sortzailea, esku-hartze psikosozialean lan egiten duten profesionalen hezitzailea eta gainbegiralea.
Eta hizlari guztien arteko mahai inguru batekin amaituko dugu jardunaldia.
• Bestetik, Ziber-indarkeria lantzeko tailerrak izango ditugu azaroaren 6ean, goizeko 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Tailer hauen helburua, jardunaldietan egindako hausnarketatik trebakuntzara salto egitea da. Hau da, ziber-indarkeria lantzeko baliabideak eskaintzea.
Hurrengo 3 tailerrak eskainiko dira. Eta parte-hartzaile bakoitzak tailer bakarra aukeratu ahal izango du.
1.- “SOIS UNAS VICTIMISTAS” - Lucía Asué Mbomío Rubio y Ana Isabel Bueriberi Silo
Nola egokitzen gara arrazializatutako emakumeok sareak erabiltzen ditugun bakoitzean jasotzen ditugun indarkeria matxista eta arrazistetara? Zer ondorio dituzte gugan? Eta zer estrategia erabiltzen ditugu geure burua defendatzeko, bakean egoteko, geure burua zaintzeko edo komunitatean zaintzeko?
2.- IDENTITATEA ESPARRU DIGITALEAN - Brayan Altimasberes (Loratuz Lotu, trans helduentzako elkartea)
Tailer honetan zehar identitatearen gaineko hausnarketak burutuko dira: Zer da identitatea? Denontzako berdina al da? Zeren baitan osatzen da? Zer garrantzi dute sare sozialek identitatea eraikitzerako orduan? Denontzako berdina al da duten eragina? Horrez gain, identitateak ekartzen dituen zapalkuntzak eta indarkeriak aztertuko ditugu, intersekzionalitatearen begiradatik. Azkenik, denon artean zapalkuntza eta indarkeria horiei aurre egiteko estrategiak bilatuko ditugu.
3.- GORPUTZ IRUDIA ETA GORDOFOBIA ESPARRU DIGITALEAN - Ira R. Ginés (Sortzen Consultoría)
Tailer honek espazio kritiko eta kolektibo bat proposatzen du, non gorputzen (bereziki gorputz lodien eta disidenteen) errepresentazioak aztertuko ditugun sare sozialetan eta interneten, ikuspegi feminista intersekzional batetik. Diskurtso gordofobiko eta normatiboen funtzionamendua aztertuko dugu, eta nola eragiten duten gorputz anitzak existitzeko eskubidean, autoestimuan eta diskriminazioan. Dinamika parte hartzaileen bidez, tresna kolektiboak partekatuko ditugu diskurtso horiek zalantzan jartzeko eta gorputz aniztasuna ospatzeko.
• Eta bukatzeko, Dantza Jaialdi batean parte hartzeko aukera egongo da. Azaroaren 8an izango da, Kontadores Gazte Zentroan, goizeko 11etatik arratsaldeko 19:00ak arte.
Dantzaren bidezko gorputz eta ahalduntze tailerrak eskainiko dira. 4 tailer izango dira, Twerk, Afrodance, Burlesque eta Vogue hain zuzen. Eta ordu eta erdiko tailerrak izango dira. Egun osoan parte hartu ahalko da. Baina aukera egongo da ere tailer bakar batean edota bakoitzak nahi duen tailer kopuruan izena emateko.
Zeinentzako?
Batik bat, haurrekin eta nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago.
Izen ematea
- Jardunaldian, tailerretan eta dantza jaialdian parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa izango da esteka honen bidez. Sarrera doakoa den arren, izen ematea beharrezkoa da edukierak mugatuak direlako.
- Jardunaldirako, tailerretarako eta dantza jaialdirako izen-emateak independenteak izango dira.
- Tailerren kasuan, parte hartzaile bakoitzak tailer bakarrean izena eman ahal izango du. Eta lehentasuna izango dute jardunaldian izena eman dutenek.
- Dantza jaialdian 4 tailer eskainiko dira. Egun osoan parte hartu ahalko da. Baina aukera egongo da ere tailer bakar batean edota bakoitzak nahi duen tailer kopuruan izena emateko.
- Izena emateko epea irailaren 23tik urriaren 12ra da eta parte hartzaileak inskripzioaren hurrenkeraren arabera hautatuko dira.