Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Egunero, munduko milioika haur eta gaztek mendiak, basamortuak, ibaiak, ur izoztuak, gatazka armatuko eremuak edo auzo bereziki arriskutsuak zeharkatzen dituzte eskolara iristeko, hezkuntzaren bidez bizi modu hobea lortuko duten uste sendoarekin.

"Eskola bideak" erakusketak, UNESCOk Sipa Press agentzia entzutetsuari egiteko enkargatuak, India, Thailandia, Kenya edo Estatu Batuetako ikasleek bizitako gainditze istorioak islatzen ditu. Hauentzat eskolarako bidea odisea bat da, baina baita beraien bizi proiektuak garatzeko aukera bat ere. Pobrezia, bereizkeria, desgaitasuna, gerra edo hondamendi naturalak dira hezkuntzarako bidean dituzten oztopoetako batzuk.


Juan Ramón viles eta Pilar Aranaren argazkia
Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi ordezkariak, Juan Ramón Vilesek eta Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotzi ordezkariak, Pilar Aranak aurkeztu zuten Aiete Kultur Etxean ekainaren 10a arte zabalik egon zen erakusketa hau. Bi udal sailen eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanetik ateratako erakusketa hau Donostiako 16. Giza Eskubideen Zinemaldiaren ekintzen barnean kokaturik zegoen, eta lehen aldia zen Euskadin ikusgai dagoela, New York, Paris edo Madrildik pasatu ostean.


Juan Ramón Vilesek erakusketaren balioa azpimarratu zuen “izan ere, haur hauekin bidaiatzera gonbidatzen gaitu eta eskolara bidean dituzten gorabehera eta arriskuak ezagutzera, hezkuntzaren garrantziaz eta gaur egun oraindik eskubide honetaz gozatzea galarazten duten zirkunstantzien inguruan hausnarketa egiteko”.


Honela, Giza Eskubideetako zinegotziak gogorarazi zuen Garapen Jasangarrirako Helburuen xedeetako bat, 4. zenbakian jasotzen dena, “hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa ziurtatzea, eta pertsona orok bizitza osoan zehar ikasketa aukerak izatea sustatzea” dela. Adierazi zuen ere “irudi hauek, erakusten digute gaztetxo hauek muga geografiko, sozial, ekonomiko eta generokoak gainditzeko gai direla ikastera joateko, badakitelako, zailtasun hauei guztiei aurre egin behar izan arren, autonomia eta askatasunez bizitzeko izan dezaketen tresnarik hoberena dela” .


Eskola bidea

   


NBEk jasotako datuen arabera, azken bosturtekoetan eskolatze tasak nabarmen gora egin duten arren, emakume eta neskena gehien bat, oraindik 263 milioi adin txikiko daude eskolatzeke. Ikusi dute Sahara hegoaldeko Afrikako eta Hegoaldeko Asiako eremuetan biztanleriaren %70 ez dela eskolatu lehen eta bigarren hezkuntzan.


Bere aldetik, Pilar Aranak historia hauetako protagonisten ausardia eta irmotasuna goraipatu zituen, eta azpimarratu zuen “eskolara iristea oraindik nekezagoa izan ez dadin, bide seguruak egotea oso garrantzitsua da. Hezkuntzaren eskubide unibertsala milioika pertsonei murrizten zaie, eta hau larriagotu egiten da hezkuntza jasotzeko bidean bizia jokoan jarri behar baduzu”.


Honela, Aranak gogorarazi zuen Donostiak Eskola Bidea programaren bitartez “neska mutilak eskolara oinez, autonomiaz, ibilbide seguru batetik, estresik gabe eta pertsona helduen laguntza gabe joan daitezen sustatzen saiatzen gara. Baina lortzeko, inguru adeitsu bat sortu behar dugu, non trafikoa bezalako arrisku posible guztiak gutxitu egin behar diren”.


Eta, Ikasle donostiarrek ere eskolara iristeko zituzten zailtasunak eta azken urteetan egin diren aurrerapenak ikusarazteko, erakusketa 200.000 ikaslek azken 15 urtetan urtetan parte harturiko udal ekimen honetako argazkiekin osatu zen.





Bisita gidatuak

       

Bisita gidatu didaktikoak antolatuko ziren LH3 mailatik DBHko 2. maila bitarteko ikasleentzat. Bisita hauen helburua zen eskola umeak beste batzuk ingurune kaltegarri batean jaiotzeagatik, emakume jaiotze hutsagatik, gutxieneko etnia bateko kide izateagatik edo desgaitasun bat izateagatik dituzten ezberdintasun eta oztopoen kontziente bihurtzea. Baina baita antzekotasunak azaleratzea ere: ikasteko irrika eta ikasi beharra bizitza egoki bat izateko.


Filma

       

Halaber, apirilaren 26an, 19:00etan Aiete Kultur Etxean Pascal Plisson-en “Eskola Bideak” filma (2013, Frantzia) jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpiidatziekin proiektatuko zen.