14.000 parte-hartzailetik gora, Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldian

10.363 ikusle bertaratu dira Zinemaldiko filmen proiekzioetara

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Joan den ostiralean, apirilaren 27an, amaitu zen Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldia, hiriko Udaleko Giza Eskubideak arloak eta Donostia Kulturak antolatua. Victoria Eugenia Antzokian ‒Zinemaldiaren egoitza‒ eta hiriko agertoki desberdinetan izan da lehiaketa apirilaren 20tik 27ra.

IKUSLEAK

10.363 ikusle bertaratu dira Zinemaldiko filmen proiekzioetara: 4.675 Victoria Antzokiko 20 emanaldietara, 5.136 ikasle goizeko 9 emanaldietara, 300 kultur etxeetan eskaini diren 8 emanaldietara, 172 Tabakalerako bi emanaldietara eta 80 Martuteneko emanaldira.

3.098 bisitari izan zituzten joan den igandera arte 4 erakusketek: Eskola bideak, Giza eskubideei begira, Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XIV. ekitaldia eta Gosearen soinua.

Erakusketa horietatik bi zabalik daude oraindik: Eskola bideak (Aiete KE) datorren ekainaren 10era arte eta Giza eskubideei begira (UPV-EHU) maiatzaren 18ra arte.

Zinemaldiko gainerako jardueretara –Errealitate birtualaren eta giza eskubideen inguruko erakustaldia, Gure begien bitartez lantegia (Ubik – Tabakalera), NoraEZean erakusketaren jarduera paraleloak eta Mabel Lozanoren hitzaldia Koldo Mitxelenan– 288 pertsona bertaratu dira.

Guztira, 12.692 ikuslek parte hartu dute Zinemaldian.



PALMARESA

La cifra negra de la violencia institucional (Ales Payá; Espainia, 2018) filmak Ikusleen Saria irabazi du gaur amaituko den Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldian.

Kaouther Ben Hania-n Beauty and the Dogs / Aala Kaf Ifrit pelikulak Amnesty International erakundeak banatzen duen Film Onenari Saria irabazi zuen eta César Vallejo zuzendariaren El viaje a Islandia (Espainia, 2017) film laburrak Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenari Saria, 3000 euroko ordainsaria duena.

Laurent Cantet zinegileak jaso zuen Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldiaren Saria, Eneko Goia alkatearen eskutik, L'Atelier (2017), bere azken filma proiektatu aurretik.

Aurten jarraitu egin du zinea irisgarria izatearen aldeko apustuak, zentzu guztietan: azpititulatze irisgarria eta audio-deskribapena hainbat emanalditan; aparteko emanaldia Martuteneko kartzelan hirugarren urtez, hurrenez hurren… eta lehen aldiz aurkeztu da errealitate birtualaren teknikekin egindako film laburren erakustaldi bat. Gainera, ikastetxeekin egindako lanean sakondu da, haur eta gazteentzako film guztietarako gida didaktikoak landuz.

2018/05/04-an argitaratua