“Artea eta Giza Eskubideak, Haur eta Gazteen 14. ekitaldiaren” sari banaketa

2.400 haur eta gazte baino gehiagok parte hartu dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak, Giza Eskubideen atalaren bitartez, “Artea eta Giza Eskubideak, Haur eta Gazteen 14. ekitaldiaren” sari banaketa burutu zuen lehengo igandean, apirilaren 29an, Udaletxeko Pleno aretoan.

Programa hau sentsibilizazio jarduera bat da, gai zehatz baten inguruan Donostiako eta Gipuzkoako gainerako hezkuntza-eragileekin batera haur eta gazteengan gizabidea, bizikidetasuna, askatasuna, errespetua eta elkartasuna bezalako balioak zabaldu eta sustatzeko, gazteek giza eskubideak ezagutzen, ulertzen eta babesten parte har dezaten.


Hamalaugarren edizio honetan, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko, funtsezkoa den 1. artikuluaren inguruan hausnartzeko eskatu zaie parte-hartzaileei, euren ondorio, ikuspuntu eta ideiak margolanen bitartez sormenezko modu batean adieraz ditzaten. Era honetan, Donostiako Udalak ikastetxeei, haurtxokoei, gaztelekuei, bestelako elkarteei eta hiritar guztiei oro har, deialdia egin die jarduera honetan aktiboki elkarlanean jardun dezaten, haur eta gazteak parte hartzera animatuz.

Aurten, 1.622 marrazki bildu ditugu, batzuk taldean egindako horma-lanak eta beste batzuk banakako lanak aurkeztu dituzte parte hartu duten 2.400 haur eta gazte baino gehiagoren eskutik, euren hausnarketak teknika desberdinen bidez irudikatuz.



Aurkeztutako margolan gehienak Donostiako haur eta gazteek egindakoak dira, baina izan dira baita ere Ibarratik, Hernanitik, Astigarragatik, Belauntzatik eta Pasaiatik parte hartu dutenak.

2018/05/02-an argitaratua