Martuteneko haur eta nerabeen tratu onaren aldeko tokiko plana

Aurkezpena ekainaren 9ko Udaberri Fest ekimenaren baitan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Martuteneko haur eta nerabe guztien ongizatea bermatzeko helburuarekin sortu da tratu onaren aldeko auzoko plana, hauek ingurune seguruetan hazteko eta hezteko aukera izan dezaten eta tratu ona auzo osoaren ezaugarri bat izan dadin. Haurren eta nerabeen eskubideak tokiko politiken erdigunean jartzea da xedea eta eragiten dieten erabakietan ahotsa izan dezatela.

Martuteneko Udal Gaztelekuaren dinamizatzaile den HeziZerb elkartearen eta Educo Fundazioaren laguntzarekin, Arantzazuko Ama ikastetxeko haur eta nerabeak izan dira hiru urtetan zehar garatu den plana sortzeko ibilbidearen protagonista nagusiak. Prozesua modu horizontalean eraiki da, auzotar, elkarte eta udaleko hainbat sailetako ordezkarien parte-hartzearekin: ikastetxeko irakasle eta langileak, guraso elkartea, Sarroeta auzo elkartea, Udaleko Partaidetza, Gizarte Zerbitzuak, Gazteria, eta Donostia Kulturako ordezkariak... Dokumentu osoa eta proposatutako neurrien zerrenda eskuragarri daude jada.

Ekainaren 9an 16:30etik aurrera auzokide guztiei aurkeztuko zaie plana Arantzazuko Ama ikastetxeko patioan ospatuko den Udaberrifest jaialdian.




Festa iragartzeko ekitaldiaren baitan G.Murua artistak lau gazte talde ezberdinekin modu parte-hartzailean landutako muralaren bilakaera ikusi ahal izan da. Diseinuan eta margoketan hafuek hartu dute parte: Arantzazuko Amako LH6 eta DBH1 ikasturteetako ikasleak, Gaztelekuko erabiltzaile talde bat eta UBA harrera etxeko gazteak, guztira ia 40 lagunek hartu dute parte, irudiaren kontzeptualizazioa eta estetika erabakitzetik, margotze lanetaraino.



Plana zortzi ardatz ezberdinetan egituratzen da, eta bakoitzaren baitan hainbat ekintza eta neurri proposatzen dira.





1- Haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko bitartekoak martxan jartzea


2- Haur eta nerabeentzako sozializaziorako testuinguru seguruak bermatzea


3- Tratu onerako kultura eta sentsibilizazioa sustatzea auzo mailan


4- Gurasotasun positiboa gauzatzeko guraso eta zaintzaileen gaitze eta formazioa


5- Haur eta nerabeak euren autobabesean ahalduntzea


6- Behategi moduan arituko den auzoko eragileen mahai bat finkatzea


7- Haur eta nerabeentzako arreta programak martxan jartzea


8- Sareen eta internet inguruko arriskuen prebentziorako ekintza zehatzen garapena

Dokumentu osoa eta proposatutako neurrien zerrenda eskuragarri daude jada.

2023/06/08-an argitaratua