San Sebastian aurreko kontzertua Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen eskutik

Donostiako Udalaren txistulari taldea, inguruko txistularien laguntzaz, San Sebastian egunaren iragarpen kontzertua eskainiko du datorren igandean.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
  • Donostiako Udalaren txistulari taldea, inguruko txistularien laguntzaz, San Sebastian egunaren iragarpen kontzertua eskainiko du datorren igandean.
  • Kontzertua Donostiako Antzoki Zaharrean hasiko da 12:00etan eta sarrerak, doan, eskuratzeko aukera jada abian da. Horiek hartzeko Antzoki Zaharreko leihatilara bertaratu beharko da (gehienez bi sarrera pertsonako).
  • Kontzertua Donostiako Udalaren YouTubeko kanalean zuzenean ikusteko aukera ere izango da

Datorren igandean, urtarrilak 15, 12:00etan abiatuta, Donostiako Udalaren Txistulari taldeak, eta Donostia zein inguruko txistulariek, San Sebastian aurreko kontzertu berezia eskainiko du. Bertan izango dira, txistulariez gain, Donostiarrak Abesbatza, Donostiarra Metal Boskotea, Klara Mendizabal eta Ruben Ramada abeslariak, Zuhaizti eta Orixe eskolako dantzariak, Eskola Elkarteko Sastreen Konpartsa eta gehiago. Kontzertuan, Donostia ardatz hartuta, hainbat pertsonaia eta ospakizun esanguratsu izango dira gogoan; esaterako: Buenaventura Zapirain, Sastreen konpartsa edota Los Koskeros taldea. Ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean ospatuko da eta bertaratu ahal izateko sarrera aurretik hartu beharko da. Horiek dagoeneko eskuragarri daude antzokiko leihatilan (gehienez bi pertsonako).

Urtero-urtero txistulari taldeak eskaintzen duen kontzertu berezia Donostiako biltzar nagusiak: 1831 alkate soinuak irekiko du aurten. Jarraian, Juan Álvarez Urresti, Gamborenak Los Koskeros taldearentzat duela laurogei urte idatzi zuen Ecos guipuzcoanos entzungo da. Umorea beti izan da Donostia eta donostiarren ezaugarri. Hori dela eta, Ilunpe (umorezko martxa) eta Orixeko inauteriak emango diote jarraipena kontzertuari. Ehun eta berrogeita hamar urte beteko dira lehenengoaren sortzailea, Buenaventura Zapirain, jaio zenetik. Bi pieza horietan Zuhaizti eta Orixeko dantzariak ariko dira hurrenez hurren.

Donostia maitasun eta nostalgia eragile handia izan da urte luzez idazle zein musikarien artean. Asko eta askok adierazi dute hiriarekiko euren maitasuna doinu eder ugarirekin. Horien eredu, Agur, txoko maitea eta San Sebastián boleroa izango dira entzungai programan.

Umorea eta inauteri giroa uztartuz, eta José Juan Santestebanek idatzi zuela ehun eta laurogeita hamar urte igaro direla gogoraraziz, Sastreen konpartsa ere ariko da antzokia dantzaz betez. Amaitzeko, ohitura denez, danborrada doinuak ez dira faltako. Hiriaren egun handia iragarriz, Hau fraile pikarua, Polka de tambores eta Donostiako Martxa izango dira emanaldiko azken piezak.

Honela, igandean, urtarrilak 15, 12:00etatik aurrera Antzoki Zaharrean kontzertu berezia gertatuko da, Donostiako Udalaren txistulari taldeak eta askotariko eragileek eskainiko dutena. Gonbidapenak dagoeneko eskuragarri daude Antzoki Zaharreko leihatilan (gehienez bi pertsonako). Halaber, kontzertua Donostiako Udalaren YouTubeko kanalean ikusteko aukera izango da zuzenean.


2023/01/11-an argitaratua