Onartutako pertsonen behin betiko zerrendaren zuzenketa eta itxaron zerrendak

Ekainaren 14ean hasiko da 2022-23 ikasturterako matrikulazio prozesua eta ekainaren 22tik aurrera itxaron zerrenda kudeatu eta plaza hutsen eskaintza egingo da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


2022-23 ikasturterako izena emateko epea maiatzaren 16tik 31ra arte egon zen zabalik eta guztira 1165 eskabide berri jaso ziren. Ekainaren 7an matrikulazioan sarrera ordena ezarriko duen zenbakia lortzeko zozketa publikoa burutu zen Atotxa egoitzako Ekitaldi aretoan. Ondoren plaza lortu duten onartutako pertsonen behin behineko zerrenda eta itxaron zerrendak argitaratu ziren. Azkenik, gaur, ekainaren 13an behin betiko esleipenak, hau da, plaza lortu duten onartutako pertsonen behin betiko zerrenda (matrikulazio data eta orduarekin) eta itxaron zerrendak, publikatu dira. Ekainaren 14ean hasiko da matrikulazio epea eta ekainaren 17ra arte iraungo du. Ekainaren 22tik aurrera itxaron zerrendaren kudeaketa egingo da, izena emateko aukera berriro irekiz.


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabal eta anitza du, adin guztietako pertsonentzako aukerekin. Egun, Eskolan 2481 ikasle matrikulatuta daude 29 instrumentu, 3 dantza espezialite, eta guztira 80 irakasgaitan antolatzen diren 294 talde eta banaka zein taldekako instrumentu eskoletan.


Eskolaren jarduna ez da ikasgelara mugatzen, ikasleek kontzertuak, emanaldiak eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen bitartez, hiriaren kultur bizitzan parte hartzen baitute.


Horregatik, aurten, AUSARTU! lelopean herritar guztiei deialdia luzatu nahi die Eskolak, musika eta dantza gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko tresna apartak direla azpimarratuz.


Norberak edo inguruneak ezarritako mugak gainditu, adin, gaitasun, ezagutza maila edo generoarekiko egokitasunagatik izan daitezkeen aurreiritziak alde batera utzi eta bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen den irakasgaia aukeratuta, musika eta dantzarekin gozatzeko aukera bikaina zabaltzen da.


Eskolaren hezkuntza eskaintza osoaren kontsulta eta izena emateko prozesua Eskolako webgunean kontsulta daiteke.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/06/07-an argitaratua