Musika eta Dantza Eskolak ireki du 2021-22 ikasturterako izena emateko epea

Maiatzaren 17tik ekainaren 6ra

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ireki du 2021-22 ikasturterako izena emateko epea (maiatzaren 17tik ekainaren 6ra), musika edo dantza ikasi eta gozatu nahi duen orori zuzendutakoa. Eskolaren hezkuntza eskaintza ikasle orori eskainitako heziketa da, haien adina edozein izanda ere, haurtzarotik zahartzaroraino eta musika eta dantzaren jardueraren inguruko guztia eskaintzen da.

Covid-19ko krisiaren ondorioz hartutako osasun neurriek eragina izan dute Donostiako biztanleen egoera sozial, psikosozial eta ekonomikoan. Hori dela eta, herritarrek hausnartu eta beren denbora baloratu ahal izan dute. Horregatik guztiagatik, Eskolak 2021-22 ikasturterako kanpainaren ardatz nagusia musika eta dantza bizitzea bilakatzea erabaki du, musika eta dantza gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko tresna gisa erabiliz. Bizi! leloaren pean, Eskolak berrikuntza interesgarriak barne hartzen ditu eta denon eskura dauden prezioak planteatzen ditu.

Nobedadeak


Eskolak espezialitate berriak gehitu dizkio lehendik egiten zuen eskaintzari. Atotxako egoitza nagusian adineko ikasleek zahartze aktiborako Musika Tailerra aukeratu ahal izango dute, bizipena ardatz hartuta. Ikasle aurreratuenentzako Juanjo Ocon irakasleak Musika Taldeen Zuzendaritza eskainiko du eta 12 urtetik aurrerako ikasle ausartenentzako Txaranga.

Bestalde, 0-2 urte bitarteko haurtxoentzat, familiarteko batekin batera musika erabiliz garapen holistikoa sustatzea helburu duen Musika Hezkuntza Goiztiarra eskainiko da goiz eta arratsaldeko ordutegietan. Azkenik, Antigua auzoan, 4 eta 5 urteko ikasleentzat, Musika eta Mugimenduko saioak eguerdietan jasotzeko aukera ere zabalduko da.

Eskaintza hiri osoan


Donostiako auzoetako egoitza guztiek lehen mailako ikasleei zuzendutako irakasgaiak izango dituzte, hala nola Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra. Horrez gain, 8 urtetik gorako ikasleentzat Musika Proiektuetako eskolak eskainiko dira Añorgako egoitzan, Txalaparta eta Dultzaina musika eskolak Antiguan, banakako Piano eskolak Salaberrian eta Loiolako Erriberetan eta Gitarra eta Kantua Urbietako egoitzan 16 urtetik gorakoentzat.

Ekialdeko barrutiko eskaintza indartu da


Herrera, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan hezkuntza eskaintza indartzen da. Adin guztietarako irakasgaiak egongo dira, hala nola:
  • Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitarteko txikienentzat,
  • Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat,
  • Musika Proiektuak 8 eta 12 urte bitarteko gazteentzat.

8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan banakako Piano eskolak eskainiko dira. Halaber, Ederrena kalean kokatutako Herrerako egoitzak Bateria, Bombardinoa, Flauta, Panderoa, Perkusioa, Saxofoia, Trikia, Tronboia, Tronpeta, Baxu Elektrikoa, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Klasikoa, Kontrabaxua, Biola, Biolina eta Biolontxeloko banakako musika eskolak eskeiniko ditu. Musika Hizkuntzako eskoletara joan eta hainbat musika talderen kide izateko aukera ere izango da bertan.

Eskolaren ohiko eskaintzaz gain, Ekialdeko barrutian arte hezkuntzarako sarbidea hobetu eta musikaren bidez gizarte kohesio handiagoa eraikitzeko, Eskolak “Musika Gertu” proiektua abiaraziko du datorren ikasturtean. Herrera eta Altzako ikastetxeetan bertako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, eta Bideberri institutuarekin lankidetzan Ekialdeko barrutiko 12-18 urte bitarteko gazte guztientzat.

Gizarte Intereseko Prezioak


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak musika eta dantza gerturatu nahi die guztiei. Egoera ekonomikoa musika edo dantza ikasteko aukeraketan eragozpen izan ez dadin, Eskolak 2021-22 ikasturterako Prezio Publikoetan Gizarte Intereseko Prezioak barne hartzen ditu.

Maila desberdinetan, honako talde hauek gizarte intereseko prezioez baliatu ahal izango dira: DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenak, familia ugariak, zehaztutakoa baino diru sarrera txikiagoa duten familia unitateak, guraso bakarreko familiak, familia bereko hainbat pertsona matrikulatuta dituzten familia unitateak.

Izena emataeri buruzko informazio gehiago Eskolaren webgunean aurkituko duzu.

2021/05/18-an argitaratua