Donostiako Musika eta Dantza Eskolak ‘Argibusa’ jardueran kolaboratuko du

Dbusek, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolarekin batera, urte berri batez ‘Argibusa’ jarduera antolatu du, adineko pertsonek Eguberria hurbiletik bizi dezaten

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Azken urteetako etenaldiaren ondoren, Dbusek “Argibusa” jarduera egingo du berriro aurten, adineko pertsonei konpainiaren autobus batetik Donostiako Eguberri giroa eta apaingarriak hurbiletik ikusteko aukera emateko. Oraingoan, Villa Sacramentorekin eta Matia Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horietan bizi diren adineko 40 lagun baino gehiagok aukera izango dute atzo eta gaur autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen Eguberritako giroa ikusteko.


Aurten, gainera, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ahots taldeak girotuko du irteera. Eskolako Abesbatza taldeko kideek, Karmele Iriarteren zuzendaritzapean, ibilbidean zehar gabon kantak abestuko dituzte egoiliarrak ikusle direla. Eskolarentzat ekimen eder honetan parte hartzea garrantzitsua da, herriari eta batez ere adinekoei jasotako guztia eskertzeko eta bueltatzeko era bat baita.


Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Atzo Villa Sacramentoko adinekoen txanda izan zen, arratsalde alaitsua igaro ahal izan zuten eta Eguberrietako apaingarriez eroso eta seguru gozatu ahal izan zuten. Hiritik egiten duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat lekutatik igaro ziren, hala nola Alderdi Ederretik, Zurriolatik, Askatasunaren hiribidetik, Loiola kaletik, Santa Katalina zubitik, Frantzia pasealekuaren inguruetatik eta Maria Cristina zubitik.


Eguberri hauetan hirira hurbildu eta kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera honetan parte hartzen dutenek senideak eta zentroko langileak izango dituzte ondoan, esperientzia haiekin partekatu ahal izateko.


Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Eguberri garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hirian dauden adinekoen egoitzentzat.


Informazio gehiago: donostiaeskola.eus

2022/12/20-an argitaratua