Udalak tokiko ekonomiaren aldeko apustua egingo du

Aisialdiko eta negozioko turismo alorrean, tokiko enpresen errekuperazioa lehenetsiko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostia Turismoak hilabetearen hasieran aurkeztutako eta emozio- eta solidaritate-ikuspegiarekin Estatuko jendeari zuzendutako “Zuen falta nabari dugu. Berriro ere bidaiatuko dugu” kanpainaren arrakastaren ostean, datozen hilabeteetara begira, turismo-erakundeak tokiko sektore turistikoa sustatzeko eta dinamizatzeko hainbat ekintza jarri ditu martxan, betiere hurbileko jendeari zuzenduta.

Cristina Lagé Turismo Sostengagarriko zinegotziak honako hau nabarmendu du: “orain, inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua da tokiko ekonomia babestea bai aisialdiko turismo-sektorean, bai negozio-sektorean. Donostiako enpresak dinamizatzeko hainbat ekintzaren bidez egiten dugu; izan ere, dakigun moduan, osasun-krisiaren eraginez, une zaila ari dira igarotzen”.

Donostia ElkarrEKIN


Negozioko turismoaren esparruan, “Donostia ElkarrEKIN” izeneko ekimena jarri da abian hiru helbururekin:
  • segurtasun-berme guztiekin bilera profesionalak antolatu ahal izateko informazioa eskaintzea Gipuzkoako enpresei,
  • tokiko ekonomia bultzatzea eta babestea,
  • eta hiriko MICE (Meetings, Incentives, Conferences & Exhibitions) eskaintza zabalari balioa ematea.

Bestalde, bilerak hiriko egoitza desberdinetan egitera animatu nahi da hurbileko zerbitzuak kontratatuz, betiere, tokiko ekonomia babestu eta bultzatzeko, solidaritate ohitura sortuz eta hiriko MICE eskaintza zabala balioetsiz. “Guztien esku dago neurri batean bada ere, egungo egoera alderantzikatzea. Ekimenak hiriko gune eta azpiegitura desberdinetara eramateak tokiko ekonomiari laguntzea esan nahi du; izan ere, pandemiak gehien zigortu duen sektoreetako bat aktibatzen da: ekimen profesionalen sektorea”, adierazi du Lagé-k.

Aste Santurako planak


Aisialdiko turismoari dagokionez, “Aste Santurako planak” kanpaina jarriko da martxan. Hainbat plan eta jarduera eskainiko dira hiriaz gozatzeko, betiere, tokiko sektore turistikoa sustatzera begira.

sansebastianturismoa.eus webgunearen bidez, hirian egiteko hainbat plan, jarduera eta esperientzia kontsultatu eta erreserbatu ahal izango dira:
  • bisitaldi gidatuak,
  • txangoak,
  • tour gastronomikoak,
  • itsasertzeko paseoak,
  • kirol-jarduerak...
  • eta hirian eta inguruan garraioa eskaintzen duten eta baliabide turistiko nagusietan beherapenak eskaintzen dituzten txartel turistikoak –SSCard eta BasqueCard– eskuratu ahal izango dira.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/24-an argitaratua