Abestu eta dantzatu gurekin!

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Euskaraldiaren irekiera ekitaldian parte hartuko du azaroaren 17an Donostiako Bulebarrean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean Euskaraldia 2022 ekimena izango da non, aurreko edizioetan egin den modura, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dute Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek. Hirugarren edizio hau "Hitzez ekiteko garaia" lelopean egingo da, hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia.


Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.


2018an egin zen lehen aldiz eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zuten herritarrak. Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte hartzea sustatu eta babestu dezaten.


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak lau "Arigune" izango ditu aurten, eta gune horietan euskararen erabilera sustatuko da komunikaziorako lehentasunezko hizkuntza gisa.


Euskaraldiari ongietorria


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak modu aktiboan parte hartuko du 2022ko Euskaraldiaren irekiera ekitaldian, eta Donostiako Bulebarrean emanaldi bat eskainiko du azaroaren 17an, 18: 00etan.


Emanaldia Euskaraldiaren kanta ofizialarekin, Esazu Hitz Bat, hasiko da gure ikasleen dantzarekin lagunduta. Ondoren, Bizi Garonaz abestuko dute gure irakasle eta ikasleek. Jarraian Bagare, Euskal Herrian Euskaraz eta Euskaldunak Gara kantak interpretatuko dira. Eskolak herritarrekin batera ospatu nahiko luke Euskaraldiaren ongietorria. Hori dela eta, Eskola kanpoko ikusleek parte hartu ahal izango dute abestuz. Horretarako, abestien letrak guztion eskura jarriko dira atxikitutako eranskinetan. Azkenik, Dantzaldiaz disfrutatu ahal izango dugu, Eskolako dantza irakasleak gidatuta eta Eskolako trikitixa taldearen musikarekin denok parte hartu ahal izango dugu.


Gurekin parte hartzera animatzen zaituztegu, esteka honetan aurkituko dituzuen letrak abestuz Eskolako orkestrarekin, bandarekin eta triki taldearekin batera. Ausartenak, Euskal Dantza taldearekin batera dantzatu ahal izango duzue ekitaldiaren amaieran. Han itxaroten zaituztegu!!


Informazio gehiago: www.donostiaeskola.eus

Erlazionatutako dokumentuak

2022/11/08-an argitaratua