Itxaron zerrendaren kudeaketa eta plaza hutsen eskaintza

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak itxaron zerrendaren kudeaketa hasi du eta plaza hutsen eskaintza argitaratu du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ikasle berrien izen emate eta matrikulazioko prozesu osoaren informazioa www.donostiaeskola.eus-en izen-ematea atalean ikus daiteke.

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabal eta anitza du, adin, genero eta maila guztietako pertsonei zuzendutakoa. Gaur egun, Eskolan 2547 ikasle matrikulatuta daude 29 instrumentu, 3 dantza espezialite, eta beste hainbat irakasgaietan, taldeko zein banakako eskoletan.


Eskolaren jarduera ez da ikasgeletara mugatzen, horregatik, egoitzetatik kanpo egindako lanarekin, ikasleek hiriko kultur bizitzan parte hartzen dute ikasturtean zehar, 150 kontzertu, emanaldi, entzunaldi eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen bidez. Azpimarratzekoak dira EMUSIK jaialdia, non mota guztietako taldeak elkartzen diren, zaharren egoitzetako Lagunkoia entzunaldiak, bulebarreko kioskoan gauzatzen den Musikaren Europako Eguneko kontzertu berezia, Donostiako Gabonetako Merkatuko emanaldiak edo hiriko beste hainbat eragileekin elkarlanean urtero egiten diren jarduerak.


AUSARTU! lelopean, Eskolak herritar guztiei dei egiten die norberak edo inguruneak ezarritako mugak alde batera utz ditzaten eta musikarako eta dantzarako urratsa ematera ausartu daitezen, adinagatik, generoagatik edo mailagatik egon daitezkeen aurreiritziak alde batera utziz. Musika eta dantza aparteko tresnak dira gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko, eta horregatik, beldurraren edo lotsaren hesia gainditzen dugunean, musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera bikaina zabaltzen da. Adibide ona da Eskolaren hezkuntza eskaintzarekin bat egin duten azken irakasgaiek izan duten harrera ona, hala nola 0 eta 2 urte bitarteko Musika Hezkuntza Goiztiarra edo 65 urtetik gorakoentzako Musika Tailerra.


Gizarte intereseko prezioak


Musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera herritar guztiei zabaltzeko, ikaslearen edo familiaren egoera ekonomikoa edozein dela ere, Eskolak Prezio Publikoen Prezio Sozialak ditu. Maila desberdinetan, honako talde hauek gizarte intereseko prezioetarako eskubidea dute: DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenak, familia ugariak, zehaztutakoa baino diru sarrera txikiagoa duten familia unitateak, guraso bakarreko familiak eta familia bereko hainbat pertsona matrikulatuta dituzten familia unitateak.


Hona hemen 2023-24 ikasturterako Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza:

  • Musika Hezkuntza Goiztiarra: 0-2 urte.
  • Musika eta Mugimendua: 3-5 urte.
  • Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa: 6 urtetik aurrera.
  • Musika Tailerra: 6-7 urte.
  • Instrumentuak eta Musika Hizkuntza: 8 urtetik aurrera.
  • Musika taldeak (orkestrak, bandak, Big Bandak, Rocka, Popa eta Jazza, Ensembleak, Gitarra, Txistua, Akordeoia eta Trikitixa): 8 urtetik aurrera.
  • Irakasgai osagarriak (Helduentzako Musika Kultura, Harmonia, Egokitzapenak, Inprobisazioaren Hastapena eta Zuzendaritza Praktikak): 16 urtetik aurrera.
  • Hezkuntza arauturako prestakuntza (ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak): 12 urtetik aurrera.
  • Musika Tailerra: 65 urtetik aurrera.


Eskaintza hiri osoan


Atotxako Zelaia Plazako egoitza nagusiaren eta Nestor Basterretxea plazan dagoen Dantza Eskolaren eskaintza zabalaz gain, Donostiako auzoetako egoitza guztiek (Antigua, Loiolako Erriberak, Amara eta Añorga) 3-7 urteko ikasleei zuzendutako irakasgaiak izango dituzte, hala nola Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra. 8 urtetik gorako ikasleentzako Musika Proiektuen eskolak eskainiko dira Antiguako egoitzan, Txalaparta eta Dultzaina eskolekin batera. Loiolako Erriberetan eta Salaberrian, aldiz, Piano klaseak eskainiko dira eta Urbietako egoitzan Gitarra eta 16 urtetik gorakoentzako Kantu eskolak.


Eskaintza Ekialdeko Barrutian


Herrera, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan adin guztietarako ikasgaiak egongo dira, hala nola Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitarteko txikienentzat eta Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat. 8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan banakako Piano klaseak eskainiko dira.


Herrerako egoitzan, Ederrena kalean, Bateria, Bombardinoa, Flauta, Panderoa, Perkusioa, Saxofoia, Trikia, Tronboia, Tronpeta, Baxu Elektrikoa, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Klasikoa, Kontrabaxua, Biola, Biolina eta Biolontxeloko banakako eskolak emango dira. 8 urtetik aurrerakoentzat, Musika Hizkuntzako klaseak jaso eta hainbat musika taldetan parte hartzeko aukera ere izango da bertan.


Musika tailerra +65


AUSARTU! leloarekin bat eginez, 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako eskaintza berezia du Eskolak, musika prestakuntzarik ez duten pertsonek musikaren bizipenak dakartzan onura emozional, fisiko eta mentalak jasotzeko aukera izan dezaten. Ekimena martxan jarri zenetik bi urte ospatzen dira aurten eta energiaz beteriko talde aparta du. Psikomotrizitate ariketekin eta abestiekin memoria, arreta, mugimendua, emozioak eta erlaxazioa lantzen dira. Helburu nagusia burua, gorputza eta arima sasoian eta osasun onarekin mantentzea da, modu ludiko eta errazean.


Musika Gertu


Eskolaren ohiko eskaintzaz gain, Ekialdeko barrutian arte hezkuntzarako sarbidea hobetu eta musikaren bidez gizarte kohesio handiagoa eraikitzeko, Eskolak “Musika Gertu” proiektuarekin jarraituko du datorren ikasturtean. Herrera eta Altzako ikastetxeetan bertako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, eta Bideberri institutuarekin lankidetzan Ekialdeko barrutiko 12-18 urte bitarteko gazte guztientzat.


Berritasuna


Ikasturte honetan, berrikuntza gisa, Eskolak Ana Huarte irakasleak sortutako jarduera berri bat aurkeztuko du herritarrentzako jarduera interaktiboen eskaintzaren barruan, instrumentuen eta dantza estiloen eskaintza zabala ezagutzen laguntzeko. Jolas gisa planteatuta, familian osatzeko egokia, jarduerak dantza instrumentuak eta estiloak erakusten ditu, eta bakoitzari buruzko galderak eta erronka txikiak planteatzen ditu. Jokoa osatzen duten 2023-24 ikasturterako izena eman duten pertsonen artean, Eskolak teklatu digital egoki bat zozketatuko du, edozein diziplina ikasten laguntzeko tresna gisa. Jarduera www.donostiaeskola.eus webgunean dago eskuragarri.

Informazio gehiago: www.donostiaeskola.eus

2023/05/09-an argitaratua