Matrikulazioaren azken egunak

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ekainaren 7an itxiko du matrikulazio epea.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


2020-21 ikasturterako izen-ematea ekainaren 7ra arte egin ahal izango da, lehentasuna Eskolaren web orriaren bidez (www.donostiaeskola.eus) egindako matrikulazioak izango duelarik. Zerbitzua eguneko 24 orduetan dago eskuragarri. Era berean, telefonoz egin daiteke 943 297 830 zenbakian, eskola-ordutegiaren barruan, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.


Bestalde, alta aurrez aurre egin nahi duten ikasleek hitzordua eskatu beharko dute eskola-administrazioan, telefonoz edo posta elektronikoz, info@donostiaeskola.eus helbidean.


Eskolak plaza libreen estimazioa egin du datorren ikasturteari begira, guztira 1000 plaza baino gehiago eskaintzen dituelarik, bere 12 egoitzetan irakasgai ezberdinetan.


Ikasle gazteenentzat, Eskolak honako irakasgaiak eskaintzen ditu: Musika Hezkuntza Goiztiarra, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat; Musika eta Mugimendua, 3, 4 eta 5 urteko ikasleentzat; Musika Tailerra, 6 eta 7 urtekoentzat; eta, azkenik, Musika Proiektuak, 8 eta 18 adin bitartekoentzat.


Dantzako diziplina ezberdinak ere eskaintzen dira, Nestor Basterretxea plazako egoitzan: Dantza Klasikoaren Hastapenak, 6 eta 7 urte bitartekoentzat; Dantza Klasikoa, 8 eta 25 urte bitarteko ikasleentzat; Dantza Sortzailea, 6 eta 7 urtekoentzat; Dantza Garaikidea, 8 eta 99 urte bitarteko ikasleentzat; Euskal-Dantzaren Hastapenak, 6 eta 7 urteko gaztetxoentzat; eta Euskal Dantza, 8 urtetik aurrerakoei bideratuta. Diziplina guztiek ikasleen adinera eta mailara egokitutako taldeak dituzte.


Eskolako egoitza nagusiek, Atotxak eta Herrerak, bateria, baxu elektrikoa, biola, biolina, biolontxeloa, flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, kontrabaxua, perkusioa, saxofoia, trikia, tronboia, tronpeta eta tuba eskolak eskaintzen dituzte. Atotxako zentroan, gainera, pianoa, akordeoia, bonbardinoa, fagota, flauta eztia, klarinetea, oboea, piano modernoa, tronpa, txistua eta kantua ikasteko aukera dago, Herreran aldiz, panderoa emango da.


Gainera, hezkuntza eskaintzari, diziplina berriak gehitu zaizkio hainbat auzotan. Aieteko egoitzak gitarra klaseak eskainiko ditu lehen aldiz, Antiguan dultzaina eta txalaparta eskolak izango dira, Salaberria eta Martuteneko ikastetxeek piano eskolak izango dituzte eta Erribera eta Amara Berri auzoetan kantu solista eskolak izango dira.


Bestalde, Eskolako musika taldeetan, besteak beste, Eskolako Bandan edo Orkestran matrikulatzeko aukera dago. Gainera, ikasgai osagarrien, hala nola Musikenerako sarbide edo harmonia-eskolen, eskaintza zabala dago.


COVID-19ren ondorioz gerta daitezkeen egoeretara egokitzeko, eskolak antolaketa-aldaketak egin ditu, Segurtasun eta Osasunerako jarraibideei jarraituz, 2020-21 ikasturteko eskolak segurtasun- eta kalitate-berme handienekin eman ahal izateko. Besteak beste, talde bakoitzean gehieneko ikasle kopurua murriztea, gelak berrantolatzea eta horietan teknologia berriak ezartzea. Hau dela eta, irakasgai eta talde zehatz batzuetan ezingo dira plazak eskaini.


Kontsulta ezazu eskaintza osoa esteka honetan:

Erlazionatutako dokumentuak

2020/06/03-an argitaratua