200 gazte inguruk Donostiako 31. Gazteen Antzerki Topaketan hartuko dute parte

Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra Donostiako lau agertokitan 18 lan antzeztuko dituzte.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren 31. edizioan 18 antzezlan aurkeztuko dira, maiatzaren 21etik ekainaren 22ra, hiriko hainbat espaziotan. Hala, 14 eta 30 urte bitarteko 200 gazte inguru igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietara, eta euren obrak profesionalek bezala antzeztuko dituzte.

Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen du, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin, eta horren helburua da gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea; izan ere, antzezle edota publiko izateko aukera dute emanaldietan. Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere. Horrez gain, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Horren harira, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta, balorazioaz Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi antzezleak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 22an izango da, 12:00etan, Kutxa Kultur Plazan.

Sarreren prezioari dagokionez, 3 eurokoa izango da: Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta Lugaritzeko antzerki lanak ikusteko sarrerak Donostia Kulturako webgunean erosi daitezke, maiatzaren 17tik aurrera; baita obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan ere. Kutxa Kultur Klubeko emanaldien sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Tabakalerako leihatilan.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/05/13-an argitaratua