Añorga

Harremanetarako

Helburuak

Ekimen honen helburua euskararen ulermena orokortzea eta erabilera Añorgan aktibatzea da. 2024tik, proba fasean dago: ekintzak adosten, probatzen, garatzen eta abar
 
Gipuzkoa Arigune proiektuaren baitako hiru pilotuetako bat da Añorga Arigune, Aia eta Antzuolarekin  batera, izan ere, hiru esperientzietatik ateratzen diren emaitzak Gipuzkoa osora zabaldu nahi dira etorkizunean, "edonorekin, edonon, euskaraz hitz egin ahal izateko". Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu zuen proiektu hau, Tauparen gidaritzarekin; eta Soziolinguistika Klusterraren, Badalab-en eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza dauka.

Añorga Arigune

Gipuzkoa Arigune proiektu pilotuaren barnean Añorga Arigune proiektua ari da garatzen Udaleko Euskara Zerbitzua añorgatar norbanako eta entitateetako ordezkariekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Taupa Euskara Elkarteen Federazioarekin eta Bagera Elkartearekin. Proiektu honekin, irudikatzen dugu, besteak beste, epe jakin batean añorgatar gehienak edo gehientsuenak euskara ulertzeko gai izango direla, eta jendartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla, Añorga euskaraz eroso aritzeko eremu bilakatuz. Izaera komunitarioa duen proiektua da, beraz, ezinbestekoa da bizilagunen eta eragileen parte hartzea. Orain arte egindako ibilibidean berariazko erronka eta lan-ildoak identifikatu dira eta horiei erantzuteko ekintzak bideratzen ari da lantaldea: uler saioak, mintzalagun taldeak, Añorgako zenbait elkarte Arigune bilakatzeko prozesuak, Gazte Arigune egitasmoa, Amassorrain ikastetxean prozesu hau indartzeko zenbait egitasmo, proiektu berriek izan dezaketen hizkuntz-eragina murrizteko neurrien lanketa...