Udalak webgune berria estreinatu du donostiarron eta Administrazioaren arteko harremana arintzeko

Atari digital berriak informazioaren bilaketa sinplifikatzen du eta kudeaketa administratiboa arintzen du, herritarren egunerokotasuna errazteko

Publicado el 05/12/2026


Donostiako Udalak gaur jarri du herritarren eskura donostia.eus udalaren webgune berria, herritarren bizitza errazteko eta administrazioarekin duten eguneroko harremana hobetzeko tresna arinagoa, argiagoa eta hurbilagoa izango dena.

Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, webgune berri hau "irudi aldaketa baino askoz gehiago da: donostiarren bizitza errazteko pentsatutako tresna da, Udalarekin harremanak izatea errazagoa, azkarragoa eta argiagoa izan dadin". Ildo horretan, atari berriak "administrazio gertukoago, arinago eta erabilgarriago batekin dugun konpromisoa indartzen du, pertsonak erdigunean jartzen dituena eta digitalizazioa zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko erabiltzen duena", nabarmendu du.

Izan ere, web orri berriak beste urrats bat egiten du udal zerbitzuen digitalizazioan eta modernizazioan, diseinu berrituarekin eta herritarren benetako beharretatik pentsatutako egiturarekin, eta ez Udalaren barne-antolaketatik. Helburua argia da: informazioa aurkitzea eta izapideak egitea errazagoa, azkarragoa eta intuitiboagoa izatea.

Webgune berri honekin, Donostiak bere administrazio eredu irisgarria, modernoa eta pertsonengan zentratua indartzen jarraitzen du, non teknologia donostiarren ongizatearen eta egunerokotasunaren zerbitzura jartzen den.

Zerbitzua emateko web-orri bat

donostia.eus berria zerbitzura bideratutako webgune bat da, erabiltzaileen ikuspegitik eraikia. Gehien eskatzen diren izapideak, kudeaketak eta zerbitzuak lehenesten ditu, eta izapidetze elektronikoa sustatzen du, udalak administrazio eraginkorrago, irisgarriago eta jasangarriago baten alde egiten duen apustuaren ildotik.

Ez da beharrezkoa Udala barrutik nola antolatzen den jakitea. Webguneak oztopoak kentzen ditu, konplexutasun administratiboa murrizten du eta pertsona orok behar duena erraz, argi eta zuzenean aurkitzea ahalbidetzen du.

Komunikazio argia eta nabigazio erraza

Komunikazio argiaren printzipioetan oinarritzen da, testu ulergarriekin, egitura sinpleekin eta nabigazioa eta informazioaren ulermena errazten dituen ikus-diseinu garbiarekin. Gainera, edukietara sartzeko behar diren klik kopurua murriztu da, erlazionatutako informazioa multzokatuz eta eduki zaharkituak edo baztergarriak kenduz. Horrek guztiak benetan garrantzitsua den horretan jartzen du arreta: zerbitzuetarako sarbidea eta herritarrentzako informazio erabilgarria.

Informazioaren arkitektura berria

Berrikuntzak donostia.eus webgunearen arkitektura erabat birdefinitu du, eta hiru atal nagusitan egituratu da:

  • Herritarrentzako zerbitzuak
  • Hiriari buruzko informazioa
  • Gobernua, kudeaketa eta gardentasuna

Edukiak ez dira udal sailen arabera antolatzen, herritarren ikuspegitik baizik. Zerbitzu askotan udaleko hainbat arlok parte hartzen dute, baina barne-funtzionamendu hori desagertu egiten da irudi uniforme eta koherente bat eskaintzeko, erabiltzaileei esperientzia sinpleagoa eta arinagoa erraztuz.

Gainera, eguneroko informazioa eta udal-gaurkotasuna ere argiago antolatzen dira, orrialdearen gainerako filosofiari jarraituz, erraz identifika daitezkeen gaien arabera sailkatutako albisteekin.

Eta udalak gardentasunarekin duen konpromisoaren ildotik, Prentsa Areto birtual bat ere sortu da, gaurkotasuneko eduki guztiak eta zuzeneko emisioak kontsultatzeko.

Atari berriak egitura eta sistema bisual sendoak ditu, denboran iraunkortasuna eta hazteko gaitasuna bermatzen dituena, eta zerbitzu eta eduki berriak sartzea ahalbidetzen duena, argitasuna eta koherentzia galdu gabe.

Administrazio hurbilagoa

Horrela, donostia.eus berriak bat egiten du beste udal-ekimen batzuekin, hala nola Eskura aplikazio mugikorrarekin, Udalak administrazio hurbilago, arinago eta digitalago batekin duen konpromisoa indartuz, tresna teknologikoak baliatzen baititu zerbitzu publikoa hobetzeko eta herritarrekiko egungo harreman-moduetara egokitzeko.

Bai web orria eta bai aplikazioa udalarekiko harremana arintzeko sortutako tresnak dira, baina alde batera utzi gabe Udalinforen hiru bulegoen (Udala, Morlans eta Altza), 8 bulego espezializatuen eta 010 telefonoaren bidez hala eskatzen duten pertsona guztiei aurrez aurreko edo telefono bidezko arreta ematea.