Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako gaiak

Ordenantza fiskalak, oinezkoen mugikortasunerako estrategia, Boulevardeko aparkalekuko sareta

Publicado el 11/24/2026

​​​​​Ordenantza fiskalak onartzea

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu ditu, herritarren alegazio epearen ondoren, datorren urteko zerga eguneraketa osatzeko falta diren hiru ordenantza fiskalak. Herritarren alegazioak izapidetu ondoren, epea irekitzen da udal taldeek zuzenketak egin ahal izateko. Ondoren, osoko bilkurak hiru dokumentuak berretsi beharko ditu 2027ko urtarrilean indarrean sartu aurretik.

  •  Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): OHZren ordenantza fiskal berria onartu da, eta zati batean onartu da alegazio bat, zerga ez aplikatzeko etxebizitza sozialeko politika publikoetara bideratutako eraikinetan, betiere udal-txostena tarteko eta titulartasuna Udalari badagokio.
  • Egonaldi turistikoen gaineko zerga: 2027tik aurrera Donostiako tasa turistikoa arautzen duen ordenantza onartzen da. Gobernu Batzarrak ezezkoa eman die aurkeztutako alegazio gehienei, baina horietako bat zati batean onartu du, aukera emanez % 50eko errekargua aplikatzeko udako denboraldian ostatu-tipologia guztietan.
  • Hondakinen tasa: Hondakinen bilketa tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa behin betiko onartu da, jendaurreko epean ez baita alegaziorik aurkeztu.

Oinezkoen mugikortasun estrategia

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Donostian oinezkoen mugikortasuna eta espazio publikoa hobetzeko estrategia: "Donostia Oinez 2025 Estrategia". Dokumentu hori datozen urteetan oinezkoen mugikortasunerako eta espazio publikoa hobetzeko udal politikak gidatuko dituzten jarduera-ildoak ezartzen ditu.

Horrela, estrategiak hiriari buruzko ikuspegi bat planteatzen du, non pertsonek hiri-erabakien erdigunea okupatzen duten, irisgarritasuna, bide segurtasuna, ingurumenaren kalitatea eta auzoen arteko lotura hobetzeko jarduerak bultzatuz, baita bizikidetzarako espazio publiko atseginagoak eta erosoagoak sortzeko ere.

Dokumentua onartu da Elkartu kolektiboak aurkeztutako alegazioetako bat erantsita. Horri esker, dokumentu osoan "dibertsitate funtzionala duten pertsonak" esamoldearen ordez "desgaitasuna duten pertsonak" jarri da.

Boulevardeko aparkalekuko sareta

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du EMPARK APARCAMIENTOS Y SERVICIOS S.A. enpresari errekerimendua egitea, 15 eguneko epean - errekerimendu hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita - , Boulevard zumardiaren eta Legazpi eta Okendo kaleen arteko bidegurutzean dauden aparkalekuko aireztapen-saretak konpon ditzan. Enpresa hori "Alderdi Ederreko eta Boulevard zumardiko eremu bateko zorupean aparkalekua eraikitzeko eta ondoren ustiatzeko obra publikoaren emakida" kontratuaren esleipenduna da. Epe horretan, konponketa egiaztatu beharko du.