Udala San Martin kaleko zuhaitzak berritzen hasi da gaur, eta 13 ginkgo berri landatuko ditu

San Martin kaleko 22. zenbakiaren aurrean bost zuhaitz-ale kendu dira, kaltetuta zeudelako

Publicado el 11/17/2026

San Martin kalean, Hondarribia eta Urbieta kaleen arteko zatian, zenbaki pareetako espaloiko zuhaitzak berritzeko lanak hasi ditu gaur Udalak. Loiola eta San Martin kaleetako urbanizazioaren barnean dago jarduketa hau, topoaren geltoki berriari lotuta eta Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) koordinatuta egiten ari dira lan horiek. Lanak amaitzen direnean, 30. zenbakiaren aurrean zazpi ginkgo landatuta egongo dira eta beste sei 22. zenbakiaren aurrean. Horri esker, kale-tarte horretako zuhaitz-lerrokaduraren jarraitutasuna berreskuratuko da.

“Gure helburua da San Martin kaleko zuhaitzak berreskuratu eta indartzea, bai eta zuhaitz berriek datozen hamarkadetan hazteko eta garatzeko baldintza egokiak izango dituztela bermatzea ere”, adierazi du Iñigo García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Sistema berri bat, zuhaitzen hazkundea bultzatzeko

Landatuko diren zuhaitzetarako, irtenbide tekniko bat diseinatu eta aplikatu da, hain zuzen ere hiriko zuhaitzen baldintzak hobetzeko. Zoladuraren azpian lur estrukturaleko oinarri jarraitu bat egingo da, lurpeko lorategi handi gisa funtzionatuko duena, zuhaitzen sustraiek hazteko espazio handiagoa izan dezaten. Sistema horrek zoladurari eta oinezkoen joan-etorriei eusteko behar den erresistentzia eta sustraien hedapena errazten duen porositate handia konbinatzen ditu, era horretan, zuhaitzen hazkunde osasungarri, homogeneo eta iraunkorra errazteko.

Era berean, ginkgo berriak ale ar edo eme antzuak izango dira, eta beraz, lurrera erori eta zapaltzean usain desatsegina sortzen duten fruiturik ez dute emango.