Txistulari banda
Intereseko informazioa
Donostiako Txistulari Banda
Txistuak Euskal Herrian zer-nolako garrantzia duen jakiteko, Txistulari Elkartea ikusi besterik ez dago, ia bi mila kide ditu eta. Euskal kulturak instrumentu horri atera dion eta gaur egun ere ateratzen dion etekina erakusteko erakunderik egokiena Donostiako UDALAREN TXISTULARI BANDA da.
Donostiako txistulari tradizioa ziurrenik Euskal Herriko garrantzitsuena da. Joan Ignazio Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendearen hasieraz geroztik, behinik behin. Eta, horien artean, udal txistulariak besteentzako ereduak izan dira: Eusebio Basurko, Isidro Ansorena, Javier Hernández Arsuaga eta Jose Ignazio Ansorena.
Eginkizunak eta talde-eraketak
Zaila da era laburrean talde honek dituen aukera guztien berri ematea. Bi alor oso desberdinetan ari daitezke gure herri musikariak, dantzarako jotzeaz gainera.
Alde batetik, giroa sortzeko funtzioa betetzen dute, ekitaldi bakoitzak eskatzen duen animazioa edo solemnitatea sortuz, indar musikala emanez edo ekitaldian parte hartzen dutenak alaituz. Eta, bestetik, kontzertu lanak.
Talde eraketak
Bi jarduera eremu nagusien barruan —giroa sortzea eta kontzertua—, talde hau hainbat eratara aurkez daiteke, ekitaldi mota bakoitzera egokituz:
- TXISTULARI BAKARRA. Txistulari bakar batek aukera ugari eskaintzen ditu: alborada edo dantzarako jo, bazkalondoa alaitu, baita pieza entzungarriak eskaini ere. Beste tresna askotan bakardea nabariagoa gertatzen da, ez direlako horren eremu musikal zorrotzean ibiltzen eta perkusio faltarengatik. Txistu-danbolinak horixe du: bi tresna batera dira, doinu bizkorra eta erritmoa. Emankizun laburretan, edo beste atal ugari laburrez osatutako ekitaldietan, aukera ona da.
- HIRUKOTEA. Bi danbolintarik eta atabalari batek osatua, bakarkako formatuaren aukerak zabaltzea ahalbidetzen du, duoak eta erritmo aberastasun handiagoa txertatuz laguntzetan.
- TALDE TRADIZIONALA: LAU LAGUN. Ilustrazioaren garaian, XVIII. mendean, ekarritako berrikuntza nabarmena. Bi txistularien ondoan, atabalaria eta txistu handia jotzen duen musikaria datoz. Bostun bat beherago afinatua, txistu handiak hiru ahotsetako harmonia duten obrak jotzeko aukera ematen du. Euskal musikari famatu askok (Guridi, Sorozabal, Ondarra, Zubizarreta, Mokoroa, Bastida, Garbizu,...) laukote berezi honentzako obrak sortu dituzte eta emaitza musikal benetan aberatsa lortu. Txistuak hiru tamainu desberdinekoak ere izan daitezke: txilibitua (txikiena), txistua eta txistu handia
- ZEREMONIETAKO TALDEA. Badago Ilustrazioaren garaietatik datorren beste ohitura: txistu taldeak tronpetekin doinu heraldikoak jotzea udaletxeetako eta diputazioetako zeremonietan. Jenero berezi bat ere badu ohitura honek: Alkate Soinua. Edozein tankerako solemnitateetan laguntza musikal oso ederra gertatzen da txistularien eginkizunaren alderdi hau.
- GANBERA MUSIKA TALDEA. Hau noski beste tankera bateko lana da. Hasieran esan bezala, gure taldeak forma asko hartzen ditu eta Ganbera Musikan errepertorio eta eskarmentu handia du. Euskal doinuetan oinarrituta euskal musikagileek sortutako obrak batzuetan, taldekideek beraiek prestatutakoak besteetan, kanpoko musikari ospetsuek antzeko tresnetarako egindakoak (flauta eztirakoak bereziki, txistua bezala mokodun flauta baitira), kontzertuak nahi diren modukoak eta egokieratarakoak prestatzen ditu.
Grabazioak eta kontzertuak
Grabazioak
Udalaren Txistulari Bandak hainbat disko argitaratu ditu bere ibilbidean zehar. Hirurogeiko hamarkadan, Isidro Ansorenaren zuzendaritzapean eta Columbia diskoetxearekin, txistuaren adierazpen onentzat hartu ziren grabazio batzuk egin zituen. Geroago, José Ignacio Ansorenaren zuzendaritzapean, José Antonio Altuna, Olegario Izagirre eta Agustín Laskurainekin batera, taldeak dantza eta herri errepertorio bilduma bat grabatu zuen Madrilen 1981ean.
1983 eta 1984 urteetan, talde berak beste hiru disko grabatu zituen IZ etxearekin, Gipuzkoako dantzei eskainiak: Gipuzkoako Dantzak I, II eta III. 2003an, Euskal Dantzarien Biltzarrak eskatuta, Txistulari bandak Gipuzkoako dantzen oinarrizko errepertorioa grabatu zuen bertsio tradizionalean eta herri usadioaren arabera egokitua, Gipuzkoako Dantzak (ELKAR) izenburupean. Horrez gain, bandak grabazio askotan parte hartu du talde eta proiektu ezberdinekin elkarlanean.
Gaur egungo zuzendariak, José Ignacio Ansorenak, sei disko argitaratu ditu baita ere bakarlari gisa: Ansorenatarren Danbolina, Txistu Hotsak, Le Basque, Haize Hegoa, Gipuzkoako Soinu Zaharrak, eta 2002an, Tomás Aragüesen Txistu eta Orkestra Sinfonikorako Kontzertua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Udal Bandako kideek diskogintza grabazio ugaritan parte hartu dute beste taldeekin ere, hala nola Txistu Talde Esperimentalarekin edo folk musika taldeekin.
Kontzertuak
Taldea ekitaldi garrantzitsuetan parte hartzera gonbidatua izan da, hala nola Donostiako Musika Hamabostaldian eta Errenteriako Musikaste astean. Bilbo, Gasteiz eta Iruñean kontzertuak eskaintzeaz gain, Euskal Herriko hainbat tokitan aritu da. Atzerrira ere eraman du bere musika, Reno (AEB), Münster (Alemania) eta Alpbach (Austria) bezalako lekuetan emanaldiak eskainiz.
Hainbat musika talderekin elkarlanean aritu da, besteak beste, Euskadiko Orkestrarekin, Kontserbatorioko Orkestrarekin eta Donostiako Udalaren Musika Bandarekin, etab.