Gazteen Antzerki Topaketa
2026ko Gazte Antzerkiaren 37. Erakustaldiak, Donostiako eta Euskal Herriko beste hainbat herritako 20 antzerki talde gazte bilduko ditu aurten.
Ekimen honen helburu nagusia gazteak antzerkira hurbiltzea da, bai sorkuntzaren eta interpretazioaren bidez, bai ikusle gisa.
Horrez gain, kultur parte-hartzea sustatu eta gazteen talentu artistikoa babestu nahi dira.

Gazte antzerkia, sormena eta kultur parte-hartzea
Gazte Antzerkiaren Erakustaldiak parte-hartzaileei aukera ematen die beren lanak hiriko kultur espazio profesional eta ezagunetan taularatzeko. Era berean, gazteen sormen-prozesuak bultzatu eta egiten duten kultur lana ikusgarri bihurtzea du helburu.
Aurtengo edizioan Donostia, Errenteria, Oiartzun, Arrasate eta Bilboko taldeek parte hartuko dute. Programatutako 20 lanetatik:
-
13 euskaraz izango dira
-
5 gaztelaniaz
-
2 elebidun
Parte-hartzaileak bi kategoriatan banatuko dira:
-
Junior: 14 eta 18 urte bitarteko gazteak
-
Senior: 18 eta 30 urte bitarteko parte-hartzaileak
Sei agertoki Gazte Antzerkiaren Erakustaldirako
Antzezpenak Donostiako hainbat kultur gunetan egingo dira:
-
Antzoki Zaharra
-
Victoria Eugenia Club Aretoa
-
Gazteszena
-
Intxaurrondo Kultur Etxea
-
Lugaritzeko Imanol Larzabal Kultur Etxea
-
Kontadores Gazte Zentroa
Donostia Gazteriaren eta Donostia Kulturaren arteko lankidetzari esker, antzerki talde gazteek hiriko erreferentziazko agertokietan erakutsi ahal izango dituzte euren lanak
Epaimahaia eta sariak
Aurtengo epaimahaia honako aktore gazte hauek osatuko dute:
-
Garazi Urkola
-
Maialen Sorzabalbere
-
Aiora Enparantza
Amaiera ekitaldian sari hauek banatuko dira:
-
Antzezlan onena
-
Talde artistiko onena
-
Eszenaratze onena
Saritutako taldeek antzerki ikuskizunetarako sarrerak jasoko dituzte eta, antzezlan onenaren kasuan, obra berriz taularatzeko aukera ere izango dute.
Horrez gain, talde irabazleetako kideek prestakuntza espezializatu osagarri batean parte hartu ahal izango dute.
Amaiera ekitaldia eta taldeentzako laguntza
Sari banaketa eta amaiera festa ekainaren 20an, 12:00etan, egingo dira Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan.
Antolakuntzak laguntza ekonomikoa ere eskainiko die talde guztiei ekoizpen gastuei eta behar teknikoei aurre egiteko. Gainera:
-
Sergio Haro Filmsek emanaldi guztiak grabatuko ditu
-
Talde bakoitzak bere emanaldiaren kopia jasoko du
-
Antzezlan bakoitzak bere kartel propioa izango du sustapen material gisa
Sarrerak eta salmenta
Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da.
Donostia Kulturako espazioetan egingo diren emanaldietarako sarrerak maiatzaren 4tik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean (www.donostiakultura.eus) eta kultur guneetako leihatiletan.
Kontadores Gazte Zentroko emanaldietarako sarrerak, berriz, emanaldiaren egunean bertan erosi ahal izango dira leihatilan.
2026ko edizioaren irudia eta zabalkundea
Aurtengo kartel ofiziala Usandizaga ikastetxeko Publizitate Grafikoko goi-mailako zikloko ikasleek sortu dute. Aurkeztutako lan guztien artean, Laura Oncalaren proposamena aukeratu da edizio honetako irudi ofizial gisa.
Gainera, aurten ekitaldiaren zabalkundea indartu da euskarri grafiko eta digital berrien bidez, besteak beste:
-
Antzezlan bakoitzerako kartelak
-
Programaren esku-orriak
-
Oihalezko poltsak
-
Banner digitalak
-
Sare sozialetarako story eta reelak
Informazio gehiago
2026ko Gazte Antzerkiaren 37. Erakustaldia Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, antolatu du
- www.donostia.eus/gazteria
- Instagram: @DssGazteria