Breadcrumb

Urban Klima 2050

Medio Ambiente / Ingurumena

Urban Klima 2050

LIFE proiektu integratua

Urban Klima 2050 Life proiektu integratua Euskadiko klima-ekintzaren alorrean datozen urteetan gauzatuko den proiektu nagusitzat hartzen da, eta berari esker 19,8 miloi euro inbertituko dira zuzenean klima-ekintzetan. Zenbateko horren % 51 Europar Batasunak finantzatuko ditu.

Life honek Europar Batasunaren onarpena izateak balio handia du, zeren EBk gehienez proiektu bat ezartzen baitu deialdi, arlo eta herrialde bakoitzeko, eta, salbuespen gisa, nahiz eta Espainian Life integratu bat onartuta dagoen klima aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko proiektu integratuen alorrean, hain zuzen ere Nafarroan, Europar Batasunak Euskadik aurkeztutako proposamena onartu du.
Proiektu garrantzitsu hau gauzatuko duen enpresa-partzuergoak 20 erakunde baino gehiago biltzen ditu. Horiek guztiek modu koordinatuan lan egingo dute ezarritako helburuak lortzeko. Enpresa horiek guztiek gaitasun eta esperientzia handia dituzte klima-aldaketaren aurkako borrokan; horren froga da 2025era arte alor horretan gauzatuko dituzten jarduerek ia 20 milioi euroko inbertsio globala bilduko dutela.

Proiektuan parte hartzen dute besteak beste, Donostiako udalaz gain, beste 7 udalerrik (Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Bermeo, Bakio, Gernika-Lumo eta Zarautz), hiru aldundiek, bost zentro teknologikok eta Naturklima fundazioak.

 

Urban klima 2050 life proiektu integratua

                                                               

Informazio gehiago

 

Urban Klima 2050 Donostian

Donostiako Udalak 5 ekintza gauzatzen ari da beste erakunde batzuekin elkarlanean LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan. 700.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta Europar Batzordeak % 54a finantzatzen du.

 

C2.2 Ekintza: larrialdietako udal-planak ebaluatzea

Ekintza honen esparruan, larrialdietako udal-planak eguneratzeko metodologia garatuko da, klima aldaketa kontuan hartuta. Proiektu pilotuetako bat Donostian egingo da, eta euriaren, tenperaturaren, haizearen eta itsas mailaren igoeraren ondorioak integratuko dira haren larrialdietako planean.

 

C4.1 Ekintza: irtenbide naturalak eta haien onurak

Ekintza honen helburua da udal mailan klima aldaketara egokitzeko soluzio natural onenak hautatzen, diseinatzen eta martxan jartzen lagunduko duten metodologiak eta tresnak garatzea.

Donostian, Tecnaliaren eskutik, Green Anoeta azterlana garatu da, naturan oinarritutako soluzioak (NOS) hirien klima egokitzapenerako duten garrantzia erakusteko. Aukeratutako azterketa eremua Anoetako kirol gunea eta haren hiri ingurunea da, baita Ilunbe eta Miramongo errekak hartzen dituen azpiarroa ere.

Azterlana mikroeskalan egindako simulazio bat da, eta erosotasun termikoa eta azaleko ur isuria nola aldatuko liratekeen aztertzen du, bi hiri diseinu alderatuz: egungoa eta hainbat NOS barne hartzen dituena.

Egindako modelizatzearen arabera, NOSek erosotasun termikoa hobetzen dute aztertutako azaleraren % 71n, eta tenperatura 6 ºC-raino jaisten da, batez ere soluzioak instalatu diren eremuetan.

Bestalde, uholde arriskuari dagokionez, NOSek lurzoruaren iragazkortasuna eta lurraren iragazte ahalmena handitzen dute, eta 650 m3 ur ere atxikitzeko gai dira. Gainera, azpiarroan beste neurri gehigarri batzuk ezartzen badira, 7.000 m3-ra handitu daiteke atxikitako ur bolumena. Horrek guztiak urpean geldituko litzatekeen azalera % 29 murriztuko luke aztertutako eremuan.

 

​​​​Jarduera honek finantzaketa gehigarria lortu du Ihoberen tokiko ekoberrikuntza klimatikorako laguntzetatik.

Informazio gehiago

 

C4.2 Ekintza: hiri- eta landa-eremuen arteko lotura eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezkoa den azpiegitura berdea

Ekintza honetan, Donostiako udalerrirako bi naturagune garrantzitsuetan esku hartu da: Oberango eremua, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan, eta Artikutza, biak Natura 2000 Sarean sartuta, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa.

Oberango baso autoktonoa berreskuratzea

2020tik 2023ra bitartean, bi jarduera egin dira Oberanen, 11 eta 8 hektareako Lawson altzifrearen eta haritz amerikarraren sail bana ordezkatzeko. Mozketaren ondoren, harizti/baso mistoa berreskuratzeko helburuarekin, bertako hainbat espezietako 14.474 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira: haritz arrunta, haritz kandugabea, basamakatza, elorri zuria, otsalizarra, haltza, urkia, lizarra eta zumalakarra.

Lanak amaituta, jarraipena egin da Lawson altzifrearen eta haritz amerikarraren kimuak eta agertu diren beste espezie inbaditzaileak kentzeko, eta landaketak berritzeko beharra balioesteko.



 

 

 

 

 

 

 

 

 

Jarduera horrek Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa lortu zuen Garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako laguntza-programaren bidez, natura-ondarearen lerroan.

Ibai habitatak leheneratzea Artikutzan.

Artikutzan egindako jarduketaren helburua izan da urtegia hustu ondoren azaleratutako eremua naturalizatzea. Hustuketak aukera paregabea eskaintzen du gizakiaren ekintzak hainbat hamarkadatan eraldatutako eremu baten berreskurapen naturala aztertzeko, bai landarediaren ikuspegitik, bai lehengoratzen ari den ibai habitatari lotutako faunaren ikuspegitik.

Habitataren berreskuratze naturalaren prozesuaren jarraipena egiten ari gara, eta lurzoruaren eta landarediaren bilakaera positiboa egiaztatzen ari gara, baita ur habitatei lotutako faunarena ere: anfibioak eta muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus), Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatuta dagoena.

Bestalde, Artikutzako habitatak hobetzeko eta dibertsifikatzeko ekintzak gauzatu dira, hala nola, anfibioentzako hezegune txikiak eratzea, 2 hektareako belardi eremu bat sortzea edo basoak berreskuratzeko lanetarako baso-espezieen mintegi txiki bat sortzea.



 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Informazio gehiago

 

C4.4 Ekintza: energia berriztagarriak ezartzea

Donostian dagoeneko autokontsumorako 5 eguzki instalazio fotovoltaiko ezarri dira ekintza honen baitan: Ondarreta aterpetxean, Ulia aterpetxean, udal parke mugikorrean, Lauhaizetako udal mintegietan eta Jakintza-Heriz ikastolan.

Jakintza-Herizen instalazioa autokontsumo kolektibokoa da, eta sortutako energia Jakintza Ikastola, Lugaritz Kultur Etxea eta Landetxe Haurreskola eraikinen artean banatzen du. Helburua da ahalik eta sortutako energia gehien kontsumitzea eta sarera isuritako soberakinak murriztea.

Martxan jarri zenetik 2023ko urrira arte, 5 instalazioek 338,98 MWh ekoitzi dituzte, eta horietatik % 60 autokontsumitu dira. Horri esker, eraikinek kontsumitzen duten energia guztiaren % 47 ekoizpen fotovoltaikotik dator. Honela, udal eraikin horietan CO2 isuriak murriztu eta kostuak jaitsi dira, eta horniduraren independentzia handitu da.

 

Eguzki plakaJakintza-Heriz ikastola

Informazio gehiago

 

C5.1 Ekintza: ibai arroetako irtenbide naturalak

Ekintzaren helburu nagusia etorkizuneko ibaien uholdeak prebenitzea da, hainbat ibaitan soluzio naturalak abiaraziz.

Donostian, Belartzako industrialdearen inguruan dagoen Errekatxulo errekaren bi zati birnaturalizatu dira, 115 eta 90 metrokoak, hormigoizko kanalen bidez bideratuak zeudenak. Donostiako Udalaren eta URA agentziaren arteko lankidetzan egin dira jarduerak.

Bi kasuetan, hormigoizko kanala eraitsi da, osorik edo zati batean, ibilgua handitu eta naturalizatu da, eta bioingeniaritzako teknikak erabili dira ibai habitata lehengoratzeko material naturalak erabiliz: enborrak, harriak, hainbat espezierekin aldaxkak jartzea, eta abar. Azkenik, ibai habitatetako berezko espezieak landatu dira, eta, egiten ari den jarraipenaren arabera, berreskuratze prozesua oso positiboa izaten ari da.



 

 

 

 

 

 

 

 

Informazio gehiago

 

Euskadiko ekintza klimatikorako proiekturik handiena datozen urteetarako