Lauhaizeta

Lauhaizeta

Lau Haizeta parkeak 602 hektarea ditu, eta mugakide diren hiru udalerritan dago: Donostia (297 ha), Errenteria (207 ha) eta Astigarraga (98 ha). Donostiako hego-ekialdean dago, eta hiriaren hiri masa handiaren eta Gipuzkoako lurraldean barrurago dauden hurbileko mendien arteko trantsizio gune bat da.

Lauhaizetaren mapa

"Birika berdea" izaki, eta hurbileko ingurunetik jasaten dituen hirigintza presio handien ondorioz, plan berezi bat onartu zen 1999an hiri inguruko parke honetarako.

Eremuaren erliebe muinotsua dela eta, erreka asko daude, eta horietako batzuek urak iparraldean isurtzen dituzte, Pasaiako badian, eta besteek hegoaldean, Urumearen arroan. Ibarbide txiki horiek erriberako zuhaiztiz estalita daude oraindik ere, baina kasu batzuetan eraldatuta daude, errekasto baten erriberarako egokiak ez diren zuhaitz espezieak dituzten hiri inguruko pasealeku txikiak daudelako; dena dela, zuhaizti horiek eginkizun garrantzitsua betetzen dute, bai habitat mailan, bai ekologia eta paisaia arloko korridore moduan.

Lauhaizetaren panoramika

Inguruko landaredi potentziala gehienbat hariztiz eta, errekastoen ertzetan, haltzadiz osatuta egongo litzateke. Baina giza jardunak eta, bereziki, nekazaritza erabilerek garrantzi handia dute eremu honetan, eta gehienbat haiek eragindakoa da egungo paisaien eta habitaten zer-nolakoa..


Lauhaizetaren landarediaJarduera horien ondorioz, honako hauek ezarri dira baso potentzialaren ordez:

  • baso gazte eta eraldatuak, askotan autoktonoak ez diren espezieak dituztenak (akaziak, haritz gorriak…).
  • belardiak, lur onenetan kokatuta, bazka izan daitezen aziendarentzat. Normalean, urtean bizpahiru aldiz segatu, ongarritu eta, zenbaitetan, belarki espezie batzuk ereiten dira. Ertzetan, heskaiak izaten dira askotan, biodibertsitatea handitzen ere laguntzen dutenak, haietan habiak jartzen dituzten eta elikatzen diren intsektuen eta hegazti txikien espezie askoren aterpea baitira.
  • sastraka: basoen ertzetan, elorri zuriak, elorri beltzak, sasiak eta neurri txikiko beste espezie batzuk aurkitzen dira askotan, bai eta otadiak ere, basoaren degradazio etapa moduan.
  • lur landuak eta baratzeak, ingurua itxuratzen duten zuhaizkara sailak: batzuetan baserri bati lotuta daude, eta beste batzuetan, berriz, bestelako jabetzako lurretan nekazaritzan aritzeko kokatu diren hiriko biztanleen aisialdi eta autokontsumorako jarduerak baino ez dira. Zenbaitetan, azken baratze mota horri itxura txarra hartu diote paisaiari dagokionez bezala herritarren pertzepzioari dagokionez ere, eta, horren ondorioz, Udalak baratze horiek antolatzeko eta sustatzeko lan ildoari ekin dio.
  • sailak, kasuren batean haritz gorrienak, eta besteetan, berriz, zenbait espezie nahasita: haritza, gaztainondoa, urkia, haltza, gereziondoa, pinuak…


Lauhaizetako presio urbanistikoaUnitate mosaiko horrek eraginda, egun, errealitatea oso zehatza da, hiri inguruko inguruneetan tipikoa dena, alde batetik hurbileko hirietako hirigintza eta industria presioa dagoelako, eta, bestetik, herritarrek aisialdirako eremu naturalak edo erdinaturalak eskatzen dituztelako, izadiarekin nahasita, inguruko habitat potentzialei eusten saiatzen baita.


Ez dago Lau Haizetako faunaren erregistrorik, baina jakina da guztira 113 ornodun espezie daudela, eta horietatik gutxienez:

  • 3 espezie Iberiar penintsulako endemikoak dira.
  • 11 espezie Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan daude.
  • 9 espezie Hegaztiei buruzko Direktibak eta 10, berriz, Habitatei buruzko Direktibak babestuta daude.


Hala bada, begi-bistakoa da Lau Haizetak herritarrentzat, bereziki Altza eta Intxaurrondokoentzat, aisialdirako gune moduan izan dezakeen balioaz gain, eta elkarren ondoko belardiek, zuhaiztiek eta baserriek gizakiarentzat daukaten paisaia balioaz gain, leku horrek natura balio handiko hainbat elementu dituela, eta udalerriaren biodibertsitateari eusten laguntzen duela.

Lauhaizetaren bistak