Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Plaka fotovoltaikoak jarriko dira 6 udal eraikinetan

Autokontsumora zuzenduta

Ingurumen Sailak eguzki-energia fotovoltaikoko plakak instalatuko ditu hiriko sei eraikinetan, autokontsumorako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak 2030. urterako euskal administrazio publiko bakoitza behartzen du energia-kontsumoa % 35 murriztera eraikin guztietan, eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazio nahikoak izatera aipatutako administrazioaren kontsumoaren % 32 hornitzeko, aprobetxamendu termikoko zein elektrizitatea sortzeko sistemak barne.

Udalaren, Donostia Kulturaren eta Donostia Kirolaren kontsumo elektrikoak kontuan hartuta (Zuhaizti, Mons, Manteo eta Pio Baroja kiroldegiak barne), urtean 28 GWh inguru kontsumitzen dira; beraz, 2030erako 9,8 GWh aurreztea lortu beharko da, eta 5,82 Gwh sorkuntza berriztagarria.

Aurten, honako instalazio hauetan jarriko dira: Udaltzaingoaren eraikinean, Manteo kiroldegian, Pio Baroja kiroldegian, Aitor Ikastolan eta Bidebietako frontoian, eta, aurrerago, Paco Yoldi kiroldegian.

Proiektu honetan martxan jarritako instalazio fotovoltaikoek udal-eraikinetan orain arte instalatutako potentzia ia bikoiztea dakarte, 0,528 GW fotovoltaiko instalatzetik 1,034 GWra pasatuz. Instalazio fotovoltaiko horiek martxan jartzean, 1,26 GWh sortuko dira urtero, hau da, % 4,52ko ekoizpen berriztagarria. Urtean 258 tona CO2 isurtzea ekidingo dute.

25 urteren buruan, aurten martxan jarritako instalazioek 2.158.000 € aurreztuko lituzkete, elektrizitatearen prezioa urtean % 2 igoko dela kontuan hartuko bagenu.