Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Morlanseko funikularreko geltokietan hegaztientzako disuasio-elementuak jarri dira

Helburua hegaztiek kristalen kontra talka ez egitea da

Udan Agirre Lehendakariaren zubiko kristaletan hegaztien talka saihesteko banda bertikalak jarri ondoren, Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak talken aurkako itsasgarriak jartzea kontratatu du Morlans eta Aiete auzoak lotzen dituen Morlanseko funikularreko kristalezko bi geltokietan. Jarduketa horien bidez, kristalezko gainazalaren islapena eta gardentasuna desagerrarazi nahi dugu; izan ere, hegaztiek paisaiaren jarraitutasuntzat hartzen dute lehenengo kasuan, eta pasatu ahal izateko zulotzat, bigarrenean.

Oraingo honetan, banda bertikalen ordez, itsasgarriak jarri dira dagokion kalearen izenarekin. Agirre Lehendakariaren zubian egin zen bezala, itsasgarriak jartzeko orduan kontuan hartu dira gaian adituak direnek egindako ikerketak. Horrela, ez da 10 cm-tik gorako espazio librerik utzi itsasgarrien artean.

Ingurumen Sailaren asmoa norabide horretan jarduten jarraitzea da, kristala diseinu-elementu gisa erabiltzen duten eraikin edo azpiegituretan talka egitearen ondorioz hegaztiak hil ez daitezen.